ACTUALIDAD / Euskal herriko ikasle antolakunde sozialista
"Ikasle langileon rola hezkuntzatik haratago doa"
Joera faxisten gorakadak eta agenda inperialistak hezkuntzan duten islaz hitz egin dugu Ikasle Antolakunde Sozialistako (IAS) June Eginorekin eta Jon Arrondorekin. Otsailaren 26an mobilizazioak egingo dituzte Euskal Herriko hainbat hiriburutan, faxismoaren eta inperialismoaren aurka.
2026eko otsailaren 17
"Ikasle langileon rola hezkuntzatik haratago doa"

Indar handiko ikasturtea izaten ari da zuen antolakundean: Palestinaren aldeko ikasle-greba masiboa, kongresu-prozesu baten amaiera...

Bai, zentzu askotan izaten ari da ikasturte indartsu bat. Gure helburua beti da ikasleak politizatzea, mobilizatzea eta norabide iraultzailean antolatzea. Zentzu horretan, pozgarria da Palestinaren aldeko edo faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurkako mobilizazioetan milaka ikasle mobilizatu izana; saldu nahi digutenaren aurka, ikustea gazteon artean dena ez dela erreakzioa.

Bestalde, oso positiboki baloratzen dugu antolakundearen VIII. Kongresua, bai parte-hartzeari dagokionez, bai bertatik ateratako ondorioei dagokienez. 500 militante inguruk hartu genuen parte kongresu-prozesuan, eta formakuntza politikoa eta eztabaida politikoa jarri genituen erdigunean denbora osoan.

Hitzordu berri bat jarri duzue orain: otsailaren 26an, mobilizazioak egingo dituzue faxismoaren eta inperialismoaren aurka. Zergatik?

Hainbat arrazoik eraman gaituzte faxismoaren eta inperialismoaren aurkako ikasle-mobilizazioak antolatzera. Lehenik eta behin, testuinguru orokorrak. Iruditzen zaigu azken hilabeteetan asko larriagotu dela egoera globala, elkarri lotuta dauden faxismoaren gorakada eta eraso inperialisten areagotzea direla eta: ultraeskuina gobernuetan, talde faxistak kaleetan, gazteoi bideratutako propaganda erreakzionarioa sareetan eta, bitartean, Trump Venezuelari erasotzen, Israel genozidioa aurrera eramaten eta Europa gerrarako prestatzen. Uste dugu, testuinguru horrek, langile-klase osoa gerra eta faxismoa dakartzan agendaren aurka mobilizatzeko urgentzia sortu duela.

Bigarrenik, etorkizun horretarako prestatu nahi gaituzte belaunaldi gazteenak, eta, ondorioz, ikasle langileon artean faxismoaren eta inperialismoaren aurkako kontzientzia hedatzea momentu honetan daukagun zeregin garrantzitsuenetariko bat da. Eta hirugarrenik, olatu antifaxista eta antiinperialista berri bat sortzen ari da bai mundu mailan bai Euskal Herrian, urtarrilaren 31ko mobilizazioek erakutsi zuten moduan. Horregatik, etetetik urrun, ikasle langileok olatu hori hauspotzen jarraitzeko unea dela pentsatzen dugu.

Zuen ustez, zer isla dauka faxismoaren gorakadak hezkuntzan?

Faxismoaren gorakadak badauka alderdi kultural nahiz ideologiko bat, erreakzioa. Horren ezaugarri nagusiak dira arrazakeria, matxismoa, muturreko nazionalismoa eta klasismoa, besteak beste. Gizarte osoan zabaltzen ari da erreakzioa, eta bereziki gazteon artean. Sare sozialen eta komunikabideen bidez, gazteoi zuzendutako propaganda erreakzionario masiboa ari dira bultzatzen, eta gero eta ikasle gehiago dira mota horietako ideiak dituztenak.

Esan bezala, gure belaunaldia etorkizun erreakzionario baterako prestatu nahi dute, faxismoa eta inperialismoa onartzeko baldintza kultural-ideologikoak jarriz, eta hezkuntzak eginkizun garrantzitsua betetzen du horretan. Hezkuntza-sistema ez dago biraketa erreakzionariotik salbu, eta irakasle erreakzionarioak dira horren adibide; eta, gainera, hezkuntza-sistema hori ez da gai ikasleen artean zabaltzen ari diren ideia faxistei aurre egiteko.

Eta oligarkiaren agenda inperialistak, berriz, zer eragin dauka hezkuntzan?

Agenda inperialistak zuzeneko eta zeharkako eragina dauka hezkuntzan. Alde batetik, Europar Batasunak azken urteetan aurrera daraman hezkuntzako planean bertan ikus dezakegu hori; Europa berrarmatzeko plan orokorrari guztiz lotuta dago, eta hezkuntza-eredu autoritario batean sakontzen ari da. Bigarren hezkuntzan "defentsaren kultura" hedatu nahi dute, horretarako, besteak beste, armadaren eta hezkuntzaren arteko kolaborazioa indartuz. Ipar Euskal Herrian ikusi dugu hori dagoeneko. Gainera, gerra-industriaren eta hezkuntzaren arteko harremana estutzen ari da subiranotasun teknologiko-militarrean sakontzeko aitzakiarekin. EHUk, esaterako, gero eta arma-enpresa gehiagorekin ditu harremanak: ITP Aero, SAPA, Sener…

Beste alde batetik, zeharka, hezkuntzako baldintzak okertzen dira gerran inbertituz: gastu soziala murrizten da, hezkuntzan inbertitzeari uzten zaio eta hezkuntza-kalitatea okertzen da.

Zein rol bete dezake ikasleriak faxismoaren eta inperialismoaren aurkako borrokan?

Faxismoak eta inperialismoak hezkuntzan duten eragina aipatu dugu, baina uste dugu ikasle langileon rola hezkuntzatik haratago doala. Ikasle-problematika lantzeaz gain, garrantzitsua da horrelako borroketan ere ikasle langileok parte aktibo izatea. Palestinaren aldeko mobilizazio antiinperialistetan egin bezala, faxismoaren eta inperialismoaren aurkako ikasle-mugimendu handi bat osatzeko aukera eta beharra ditugu orain.

Langile-klasea esnatzeko rola bete dezakegu ikasleok eta belaunaldi berrietan klase-kontzientzia hedatzeko funtzioa ere bai, erreakzioaren ordez, balio antifaxistak nagusitu daitezen ikasleon artean.

Zein balorazio egiten duzue Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) urtarrilaren 31n egindako manifestazioen inguruan?

Oso balorazio positiboa egiten dugu, bai kuantitatiboki eta bai kualitatiboki. Komunistok antolatutako 10.000 gaztetik gorako mobilizazioak ez dira egunero ikusten, eta ekarpen handia egiten dute: faxistei mezu bat bidaltzen diegulako, gazte langileok antolakuntzara batzeko balio duelako… Aurreko asteetako kanpaina ere nabarmendu nahiko genuke, instituzio kapitalisten kontrolpetik kanpo, militantzian oinarritutako mugimendu iraultzaileen potentzia erakusten baitu.

IASetik ere hamaika komite eta ekimen jarri genituen martxan manifestazioeI begira, eta milaka ikasle mobilizatu ginen. Orain, antolakuntza-sare horretatik abiatuta egingo ditugu otsailaren 26ko mobilizazioak.

Zer esango zeniekete ikasleak eta gazteak mugitzen ez direla dioten irakasleei, gurasoei eta abarrei?

Oker dabiltzala, eta, bestela, egoteko adi datozen egunetara. Lan politikoa egiteko oztoporik ez jartzearekin konformatuko gara.