Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteei buruzko hainbat azterketa plazaratu berri ditu Gazteen Euskal Behatokiak, eta emakume langileek jasaten dituzten zapalkuntzei buruzko hainbat datu bildu ditu: soldata-arrakala, diskriminazioa, sare sozialetako sexu-jazarpena eta bestelako indarkeria matxista landu ditu, esaterako.
Soldaten arteko aldeei erreparatuta, 2023an, 175 eurokoa izan zen emakume eta gizon gazteen hileko soldataren arteko desberdintasuna, batez beste. Lan bera edo balio bereko lana eginda ere, emakumeek batez beste soldata baxuagoak dituztela ondorioztatu dute azterketan, eta "hainbat faktorek" izan dezaketela eragina horretan. "Soldata-diskriminazio zuzena, zereginaren araberako segregazioa, lanean gora egiteko aukerarik ez izatea, soldata-negoziazioan aldeak egotea eta lanaldi-mota" aipatzen dituzte faktore modura.
Diskriminazioa, beldurra eta jazarpena, oso hedatuta emakume gazteen artean
Hiru emakume gaztetik bi, diskriminatuta sentitu ziren iaz EAEn. Diskriminazio hori, azaltzen dutenez, hainbat arlotan izan daiteke, eta horietako batzuk bereizi ditu aipatutako behatokiak: lan-eremuko diskriminazioa, sexu-jazarpena eta hezkuntzako diskriminazioa.
2022ko datuekin alderatuta, okerrera egin du diskriminazioaren indizeak. 2022an, 15 eta 29 urte arteko emakumeen %63,3 sentitu ziren diskriminatuta, baina %65,2 izan ziren 2023an. Datu hori, ohartarazten dutenez, gizonek zehaztutako indizearen (%28) bikoitza baino handiagoa da.
Bestalde, beldur-sentsazioa ere nagusi da 15 eta 29 urte arteko nesken artean. Gazteen ia erdiari (%45,3) ematen dio beldurra herrian edo auzoan gauez bakarrik ibiltzeak, baina, emakumeen artean, nabarmen altuagoa da indizea. Izan ere, gauez bakarrik joateko beldur dira emakumeen %69,7, eta gizonen %22,5.
Portzentajea modu kezkagarrian igo da 2020tik: 2016an, bakarrik ibiltzeko beldurra sentitzen zuten emakume gazteen ehunekoa %34,2koa zen, baina %74,1era igo zen ehunekoa 2020an. Arrazoien inguruan galdetuz gero, emakume ia guztiek (%97,2) diote sexu-erasoak jasateko beldur direla.
Sare sozialetako jazarpenak gora egin du, emakumeen aurka bereziki
Txostenean islatzen denez, 2023an, 15 eta 29 urte arteko hamar gaztetik hiruk (%29,3) jasan zuten nolabaiteko jazarpena sare sozialetan. Etengabeko mezuak, iruzkin desatseginak eta mehatxuak jasotzea dira, besteak beste, jazarpen motarik ohikoenak. Antza denez, egonkortu egin da sare sozialetan jazarpena pairatu duten gazteen ehunekoa.
Nerabeen artean, areagotu egin da sare sozialetako jazarpena. 2022an, 15 eta 19 urte arteko gazteen %27k jasan zuten jazarpen hori, baina 2023an %29,3ra igo zen portzentajea. Interneten jazarriak izan ziren emakume gazteak, gainera, gizon gazteak baino gehiago izan ziren: nesken %36,3k jasan zuten jazarpen hori, eta gizonezkoen %22,6k.
Eta badirudi sare sozialetako sexu-jazarpena emakumeek pairatzen dutela bereziki. Iaz, 15 eta 19 urte arteko gazte guztien %15,3k adierazi zuten sexualki jazarri zituztela sare sozialetan, baina emakumeak izan ziren kaltetuenak. Izan ere, nesken %23,8 jazarri zituzten sexualki, eta gizonezkoen %7,4.