Huts egin duen sistema bat

"Segurtasun-arazoak", "bizikidetza-arazoak", "eraberritze-lanak". Odol hotzagoa dutenek, kaltetuen hobebeharrez dela ere esango dute. Horra hor, etxerik gabeko pertsonak edozein lekutatik indarrez botatzea justifikatzeko, politikari profesionalek, iritzi-emaileek eta erreakzioaren olatura batzen diren "bizilagunek" erabili ohi dituzten argudioetako batzuk. Ezagunak egiten zaizkigu hitzok: Donostian entzun ditugu Jon Insausti (EAJ) alkatearen ahotik, eraikin abandonatuetatik ehunka lagun etxegabetzea defendatu duenean; Bilbon entzun ditugu, Juan Mari Aburto (EAJ) buru duen udalak berdin jokatu duenean Zorrotzaurren; edo Tolosan entzun ditugu, Andu Martinezen (EH Bildu) udalak kale-egoeran dauden hainbat pertsona kanporatu dituenean eremu publikoetatik.

Errealitate bat da. Gora doa kale-egoeran daudenen kopurua, eta pertsona horiek etengabeko jazarpena jasaten dute kaleetan eta infraetxeetan, Poliziaren partetik batik bat. Duela bi urte Barakaldon gertatutakoari erreparatu besterik ez dago: gaua tunel batean egiten ari ziren hainbat laguni tiroz eraso zieten udaltzainek, haietako bi larriki zaurituz

Agintaritzek desalojo polizialak agintzen dituzte, kale-egoeran dauden pertsonek bizitokitzat hartutako lekuak husteko. Politikariek, poliziek, epaileek, burokraziak nahiz komunikabideek osatutako zurrunbilo horretan, etxegabetze horiek ez dira ez puntualak ez toki zehatz batera mugatutakoak, Euskal Herrian neguaren erdian izandako berriek erakusten duten modura. Azter ditzagun kasu horietako batzuk.

Donostia: 300 kaltetu baino gehiago Martutenen eta Herreran

Gipuzkoako postal-hiriburuak eta bertako alkate jeltzale berriak, Jon Insaustik, lerroburu ugari hartu dituzte azken hiletan. Etorkinen aurkako adierazpenak egitetik harago, fabrika abandonatuak husteko planak jarri ditu martxan udalak, Martutenen eta Herreran kasu. Baina eraikin horiek ez daude hutsik: beste alternatibarik ez duten ehunka pertsona bizi dira horietan, askotan, nora joan ez duten gazte etorkinak.

100 bat poliziaren bidez hustu zuten Martuteneko Agustindarren eskola iazko abenduaren 4an, 110 pertsona baino gehiago kolpe batez etxegabetuz. Donostiako PSE-EEko bozeramaile Ane Oyarbide ere bertan izan zen. Gune Fundazioak 2024an erosi zion eraikina Eusko Jaurlaritzari, lanbide heziketako eskola bat irekitzeko. Fundazioak berak eskatu zuen desalojoa, eta Ertzaintza "hirugarren interesatu" gisa ageri zen salaketan. Desalojo-egunean, gainera, eskola hustearekin aski ez, eta inguruko txaboletara ere jo zuen Ertzaintzak.

Udalak gizarte-hezitzaile batzuen eskutik aurretiaz abiatutako prozesuan, Agustindarren eskolan bizi zirenetatik 58ri baino ez zieten eskaini La Sirena udal-aterpetxera joatea, eta gaur egun, 52 besterik ez dira bertan plaza dutenak. La Sirena, udalak erabilera turistikoa eman ahal izateko mugatu izan duena, ez da nahikoa dena den. Izozte-arriskua dagoenean, 40 lagunentzako tokia besterik ez du, eta "zaurgarritasunari" lotutako irizpideek nahiz erroldak baldintzatzen dute bertan plaza lortzea.

Donostiako alkateak urtea hastean jakinarazi zuen beste hainbat pabiloi eraisteko agindua eman duela Herreran, eta beraz, beste 200 bat pertsona daude arriskuan, horietako batzuk abenduan Martutenen etxegabetutakoak. Horretarako aitzakia bikaina erabili du Insaustik: Hiri Antolamendurako Plan Orokorra, eta 400 etxebizitza eraikitzeko asmoa. Baina kasu honetan ere badira interes pribatuak tartean: urtarrilaren 26an hustu zuten Herrerako eraikinetako bat, 30 lagun inguru kale gorrian utziz, eta Barenys promotorea da horren jabea; badirudi iazko urrian eskatu ziola udalari fabrika husteko, epaitegiek esku hartzeko zituzten zailtasunen aurrean. Ez dago argi noiz izango den gainerako pabiloien desalojoa, baina bertan bizi diren gazteek jakinarazi dute sarritan moztu izan dietela argindarra.

Bilbo: higiezinen negozioa, beste ehunka lagunen kontura

Bizkaiko hiriburuan ere antzeko agertoki bat sortu dute, Zorrotzaurren batik bat. Bertako hirigintza-proiektu erraldoiaren barruan (Amenabar, Jaureguizar eta Loiola enpresen parte-hartzearekin), Lancor pabiloia hustu eta etxerik gabeko 80 bat pertsona kaleratu zituen udalak iazko urrian. Mondragon Taldearen esku laga du espazioa udalak, Bilbao Bizkaia Digital Factory proiektua bertan garatzeko. Desalojoaren aurretik, eraikineko hoditerian sabotaje bat jasan zuten bertan bizi ziren lagunek. Eta Juan Mari Aburto (EAJ) ez zen oso originala izan desalojoa justifikatzeko orduan, "segurtasun" arrazoiak eta "urgentzia" aipatu baitzituen, hoditeria izorratu izana argudiotzat hartuz besteren artean.

Zorrotzaurren etxegabetutako zenbaitek txabolak egin behar izan zituzten aterpe modura, baina horiek ere hartu zituzten jomugan interesdun enpresek eta agintaritzek: azaroan atera zen argitara horiek ere eraitsi egin nahi zituztela. Kaltetutako pertsonek azaldu zuten ez udalak ez gizarte-zerbitzuek ez zietela inolako alternatiba errealik eman.

Badirudi, gainera, desalojo gehiago egon daitezkeela. Deustuko Erribera Harrerak urtarrilean esan zuen arriskuan zeudela Deustuko pabiloi batean bizi diren pertsonak: Gabonetan, hondeamakina bat hurbildu eta eraikina husten hasi zen, jendea barruan zegoela. El Correo-k handik gutxira, urtarrilaren 19an, ondokoa argitaratu zuen: "Zorrotzaurreko hondakinetan dozenaka pertsona egoteak eraispena gelditu du". Artikulu berak jasotzen du Zorrotzaurreko Batzorde Kudeatzailea "eraisketak bultzatzen" ari dela "irlaren erdian", eta Bilboko Udala hori ahalbidetzeko "administrazio-prozesuak azkartzen" ari dela. Pabiloien legezko jabeak bide judizialen bila ari omen dira, horietan bizi diren pertsonak traba bat baitira haientzat.

Iruñea: Jaso Ikastola eta Aranzadi

Nafarroako hiriburuaren kasuan, Jaso Ikastola izandakoa eta Aranzadi dira infraetxeen eta jazarpenaren "puntu beroetako" batzuk. Jasok 1999an utzi zion ikastetxe izateari, eta 2019ra arte Jazar sormen-proiektua hartu zuen arren, Iruñeko Udaleko Hirigintzak ebatzi izan du, teknikoki, berehala erortzeko arriskuan dagoela eraikina. Hala ere, azken urteetan, etxerik gabeko ehunka lagunek hartu behar izan dute hura bizitokitzat. Udaltzaingoaren txosten baten arabera, 2025eko otsailetik azarora bitartean bakarrik, 280 pertsona desberdin identifikatu zituzten bertan. Jason esku hartu izan duten kolektibo sozialen hitzetan, muturreko gizarte-bazterketan dauden pertsonen babesleku da eraikina, eta ohartarazi izan dute hura eraisteak kale gorrira bidaliko lukeela jende hori guztia.

Iruñerriko hainbat kolektibok, Dar Etxea buru zela, iazko azaroan egin zuten agerraldi bat: Joseba Asironek (EH Bildu) gobernatutako udalari exijitu zioten udal-jabetzako espazio hutsak etxerik gabeko pertsonen esku utz ditzala. Jasoren kasuan, jabeek iazko udan eskatu zuten eraikina eraisteko, eta horren alde egin du udalak: hitzarmen bat adostu du partzuergoarekin batera, Jaso osorik botatzeko aukera egon dadin, jabeek eraikigarritasun-eskubide guztiak mantenduta. Kalkuluen arabera, 1,22 milioi euro inguruko balioa du horrek. Joan den urtarrilean eraikinean izan zen sute bat zela-eta, barruan zeuden pertsonak kanporatu zituzten, eta hori baliatu dute agintaritzek blokea botatzeko tramiteak bizkortzeko.

Aranzadi eremuan ere bizi dira nora joan ez duten beste ehunka pertsona; Agustindarren komentu zaharra, Gurbindo eta Gridillas etxeak, kanpalekuak Arga ibai ondoan… Aranzadiko Plan Bereziaren barruan, ordea, azpietxe horiek guztiak botatzea aurreikusten dute, urak hartzeko arriskua dagoela argudiatuta. Horren ordez, "eremu berdeak" eta beste eraikiko omen dituzte bertan.

  — ARGAZKIA Jesus Diges/EFE

Azken urtean, polizia-indarrek 215 bat lagun identifikatu dituzte Aranzadi inguruan, beste txosten baten arabera. Egoera txarrean zeudela argudiatuta zenbait eraikin ixten joan ahala, txaboletara eta bestelako eraikuntza prekarioetara jo behar izan du gero eta jende gehiagok; kanpin-dendekin eraikitako hamalau kokaleku atzeman zituzten bertako basoen pean iazko azaroan. Iruñerriko kolektibo sozialek seinalatzen dute egoera larriagotzen duela desalojoak inolako alternatibarik gabe eta aterpetxeetan plaza nahikoa egon gabe gauzatzeak, eta jendea behartzen duela gero eta prekariagoak diren lekuetara mugitzera. Salatzen dute, beraz, Iruñean ere plan urbanistikoak jartzen ari direla egoera zaurgarrian dauden pertsonak artatzearen gainetik; Euskal Herrian EAJk, PSOEk nahiz EH Bilduk gobernatutako udaletan ikus daiteke hori.

Une honetan, Iruñeko agintaritzek etengabeko kontrol poliziala mantentzen dute Aranzadiko meandroan, kanpalekuak egonkortu daitezela ekiditeko eta desalojoekin jarraitzeko. Aurreko hilean, Negu Gorriak dinamikaren barruan, hainbat kolektibo sozialek salatu zuten Agustindarren komentuan bizi diren pertsonek hornidura-mozketa koordinatu bat (argindarrean eta ur edangarrian) jasan zutela udalaren, Iruñerriko Mankomunitatearen eta Nafarroako Gobernuaren partetik.

Tolosa: kaletik ere kanporatuak

Tolosan, zeresana eman du udalak etxerik gabeko hainbat pertsona behin baino gehiagotan jazarri izanak, lo egiteko lekurik gabe utziz. Urtarrilaren hasieran, zenbait tolosarrek Facebookeko talde baten bidez eskatu zuten Arkaute txaleteko arkupeetan lo egiten zuten pertsonak botatzeko, bertan jatekoa prestatzen zutela esanez besteak beste. Udalaren jabetzakoa da eraikina, eta urteak daramatza hutsik. Tolosako Udalak, hala, urtarrilaren 12an interbenitu zuen udaltzainen eta ertzainen eskutik: pertsona horiek desalojatu eta arkupeak hesitu zituen. Hirigintza zinegotzia, Ander Figuerido (EH Bildu), bertan egon zen. Zenbait egunera, txaleta hormatu zuten, aurrerantzean inork ez dezan izan bertan babesa hartzeko aukerarik.

Urtarrilaren 29an, Poliziak berriz jazarri zien etxerik gabeko hainbat pertsonari, udalaren jabetzako beste arkupe batetik kanporatuz. Egoera tamalgarrian zegoen aterpe hori, eta berriki eraitsi dute; horixe izan zen, kasu horretan, udalak desalojoa arrazoitzeko erabilitako aitzakia. Arkauteko hustean, "elkarbizitza-arazoak" aipatu zituen Andu Martinezek (EH Bildu) gidatutako udalak, auzoan izandako ustezko lapurretak edo eraso matxistak etxegabetutako pertsonei leporatuz. Udalak ez zien kaltetuei bizitoki-alternatibarik bermatu ez urtarrilaren 12an ez 29an, are: eskuak garbitu zituen esanez ez duela baliabiderik.

Otsailaren 10ean, Poliziak hirugarren aldiz jo zuen kale-egoeran zeuden pertsona batzuen kontra, beste arkupe batzuetatik botatzeko. Hurrengo egunean kanporatu zituzten, eta haiei babesa ematen ari ziren bi lagun identifikatu zituzten ertzainek. Udaltzaingoak berak aitortu omen du kaltetuek ez dutela inolako arazorik sortu inguruan.

Lemoa: jazarpena, Agarreko bizilagunen aurka

Lemoa ere albiste izan da azken hilabeteetan. Izan ere, Agarre auzoan bizi diren familiak hartu ditu jopuntuan Lemoako Udalak (EAJ): hamazazpi etxebizitza hustu zituen urtarrilaren amaieran. Arratiako Sare Antiarrazistaren esanetan, prozesu judizialik gabe ekin die desalojoei udalak. Pertsona etorkinak dira gehien-gehienean, eta inguruko hainbat bizilagun oldartu dira familien kontra, olatu erreakzionarioarekin bat eginez: margoketa arrazistak agertu dira auzoan.

Urtarrilaren 20an, goizaldean, auzoa militarizatu eta etxez etxe aritu zen Ertzaintza bizilagunak identifikatzen; batzuk ez ziren etxetik atera, beldurragatik edo hizkuntza-zailtasunengatik. Operazio polizial horrek ipini zuen etxegabetze masiboa hasteko abiapuntua: ertzainek identifikatutako pertsonekin zerrenda bat osatu zuen udalak, eta Agarretik alde egin zezaten presioa egin zien, ustezko bizitoki-alternatibak eskainiz eta akordioak sinatuarariz. Baina akordioetan hitzemandakoaren kontrara, gerora, aterpetxeetan egotea beste aukerarik ez zien eman hainbat familiari. Beste bizilagun batzuk udalaren zerrendatik kanpo geratu ziren zuzenean, eta ez dituzte kontuan hartu. Aurretik ere askok jaso dute tratu negargarria udalaren partetik: errolda egiteko eskubidea ukatu die sistematikoki; horren aitzakiapean oinarrizko laguntzarik ere ez diete eman gizarte-zerbitzuek; seme-alabak kentzearekin mehatxatu dituzte gurasoak, eta abar luze bat.

— ARGAZKIA Adur Galdos/El Salto

Urtarrilaren 20ko miaketa-operazioaren, mehatxuen eta kaltetuen zerrenda faltsu baten ondotik, urtarrilaren 26ko astean iritsi ziren lehenengo etxe-kaleratzeak: hamazazpi etxe. Kanporatutako familietatik hamar Berrizko aterpetxera eraman zituzten arrapaladan, Lemoan zituzten egitekoak eta loturak aintzat hartu gabe. Udalaren zerrendatik kanpo geratu ziren pertsonek eta auzotik alde egiteari uko egin ziotenek euren etxeetan geratzea hautatu zuten ordea; 30 lagun inguruk. Udalak eta gizarte-zerbitzuek presioa eta mehatxuak erabili dituzte euren etxeak utz ditzaten lortzeko, Karabie Gaztetxeak jaso duenez; eta tokiko hainbat eragilek egindako presioaren ondorioz, otsailaren 3an, auzoan geratzen ziren pertsona guztientzako birkokatze-planak eskaini zituen udalak. Bizilagun batzuek, baina, ez zituzten proposamen horiek onartu, eta euren etxeetan geratzea erabaki zuten.

2.500 pertsona baino gehiago kale gorrian Euskal Herrian

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak bildutako datuen arabera, Euskal Herrian, 2.500 lagun baino gehiago izan daitezke kale gorrian daudenak. 2024an, etxerik gabeko 1.500 pertsonaren berri izan zen EAEn: nabarmentzeko, 600 inguru ziren Bilbon, 400 baino gehiago Donostian eta ia 250 Gasteizen. Kalkulatzen da, gainera, ordutik gora egin duela kopuruak. Iruñean, etxerik gabeko 250 bat lagunen berri izan zuten, eta Baionan, Angelun eta Miarritzen, berriz, 400 pertsona inguru zeuden kale-egoeran. Pertsona horiek duten alternatiba bakarretako bat izan ohi da abandonatutako eraikinetan babes hartzea.

Zenbateko horiek ez dituzte kontuan hartzen askotariko erakundeen aterpetxeetan eta instalazioetan lo egin behar duten pertsonak. Sindikatuak jakinarazi duenez, EAEn 4.200 lagun baino gehiago daude egoera horretan, eta ia 700 dira Nafarroan. Kale gorrian bizi diren pertsonei batuz gero, izugarria da emaitza: Euskal Herrian, 8.000 pertsona inguru daude etxerik gabe. Eta sindikatuak berak ikasturte honetan jakinarazi duenez, batez beste, hiru etxegabetze izaten dira egunean Euskal Herrian.