Hitzordu zaratatsua jarri dute gaur Iruñean, The Champions Burgerri ezetz esateko

The Champions Burgerren aurka antolatzen ari dira Iruñerrian (Nafarroa). Duela astebete hasi zen jaialdi ibiltariaren bigarren edizioa Nafarroako hiriburuan, eta egun horretan bertan egin zuten auzo-batzar jendetsu bat Errotxapean, Iruñerriko Kontseilu Sozialistak eta Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deituta, makroekimenaren kontra antolatzeko.

Horri lotuta, protesta deialdi bat egin dute gaur iluntzerako: 20:00etan jarri dute "hitzordu zaratatsua" Anelier pasealekuan, The Champions Burgerri ezetz esateko. Gainera, ostiral honetarako ere zabaldu dute deialdi bat, Boikot Champions Burger lelopean: mobilizazio bat antolatu dute, eta 20:00etan hasiko da Errotxapeko Maiteminduen Plazatik.

The Champions Burgerreko langileek jasan behar dituzten lan-baldintza penagarriak, bertan erreproduzitzen diren "aisialdi-eredu kapitalista" eta "prezio ordainezinak", espazio publikoaren pribatizazioa, osasungarritasun-baldintzen urraketa eta makroekimenaren babesleek Israelgo Estatuarekin dituzten loturak seinalatu zituzten Iruñerriko Kontseilu Sozialistak eta GKSk.