ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Silvia Cantera/El Correo
2024/12/18 11:27

Egun hauetan, Barakaldon (Bizkaia) egiten ari dira The Champions Burger ekitaldia. Atzo, baina, hiru pertsona zauritu ziren bertan: haizea zela-eta, jausi egin zen makrojaialdiko postu bateko dekoratua, eta jendea azpian hartu zuen. Erorketak zauri arinak eragin zizkien bi pertsonari, baina ospitalera eraman behar izan zuten hirugarrena, buruan eta lepoan jasotako kolpeen ondorioz. Antolatzaileek gunea zarratu behar izan zuten.

Postu horretako dekoratuaz gain, atzo hesiak eta koloretako argi batzuk ere bota zituen haize-boladak. Langileetako batek El Correo-ri esandakoaren arabera, arratsaldetik igarri zuten jadanik haize indartsua, eta aurreikus zitekeen muntatutako material batzuk hegan ateratzea edo mugitzea. Hala ere, jaialdiarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten antolatzaileek.

Milaka pertsona erakartzen ditu The Champions Burgerrek, eta Barakaldora bertaratzen den bigarren aldia da. Asko dira ekitaldi horri lotuta argitara ateratzen diren berriak: Iruñean (Nafarroa) udazken honetan bertan egindako edizioan, hogei lagunetik gora intoxikatu ziren bertan kontsumitu ondoren, eta langileei ezartzen dizkieten miseriazko baldintzak eta abusuak ere ezagunak dira.

The Champions Burgerren jasandako lan-baldintza penagarriak salatu zituzten Iruñean kontratatutako hainbat beharginek, eta horregatik bota zituzten. Barakaldoko azken edizioa hasi aurretik, hala, lan-abusuak salatzeko deia egin zuen Bilboko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS). "Enpresarien inpunitatearen aurrean, defentsarako berme bakarra antolakuntza eta borroka kolektiboa dira", aldarrikatu zuen. "Babesa behar dutenentzat edo abusu-egoerak salatu nahi dituztenentzat", harremanetan jartzeko telefono-zenbaki bat jakinarazi zuen LASek: 624 478 671.

NO HAY COMENTARIOS