ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Barazarren bi kamioik elkar jo dute. Argazkia: Diario Vasco
2019/05/22 20:45

Eguneko lehenengo lan istripua Barazargo mendatean (Bizkaia) gertatu da. Bi kamioik elkar jo eta horietako bateko gidaria hil egin da. Legutiokoa zen behargina eta 73 urte zituen. Bigarren gidaria, aldiz, hartatu egin behar izan dute zauriak direla eta.

Ordu gutxi batzuk geroago, Loiuko (Bizkaia) Olarra enpresan ere ezbeharra izan da. Behargin bati garabian zeraman zama gainera erori zaio eta bertan zendu da. Istripuaren arrazoiak ikertzen ari da Osalan.

Azkenik, amiantoaz kutsatutako CAFeko langile ohi bat ere hil da gaurkoan. CAF enpresa da amiantoaren eraginez Gipuzkoan hildako gehien utzi dituen enpresa; 38 hildako, hain zuzen.
Hilabete honetan amiantoaren eraginez hil den CAF enpresako bigarren langile ohia da gaurkoa: urtea hasi zenetik, laugarrena.

Bost dira guztira aste honetan erail dituzten langileak. Izan ere, bi langile hil ziren herenegun Zestoan eta Zarautzen (Gipuzkoa). Zarautzen, lanean ari zen garabia 30 metroko altueratik erori eta bertan hil zen 32 urteko langilea; beste behargin bat ere zauritu zen, garabiak azpian harrapatuta. Zestoan, zuhaitz bat erori zitzaion gainera 50 urteko langile bati. Biak ere marokoarrak ziren jatorriz. Hala, aurten gutxienez 21 langile hil dituzte Hego Euskal Herrian.