Bihar izango da Herri Unibertsitate nazionala Gasteizko (Araba) campusean, baina lekuan lekuko Herri Unibertsitateek ere egingo dituzte jardunaldiak. Aurten Bilboko (Bizkaia), Leioako (Bizkaia), Gasteizko (Araba), Eibarko (Gipuzkoa) eta Ibaetako (Gipuzkoa) campusetan izango dira jardunaldiak, martxoaren 23tik 25era bitartean.
Egitarau nazionala burutu eta astebetera, campuska bilduko da Hego Euskal Herriko ikasleria, eta hainbat auzi landuko ditu hitzaldi, tailer zein mahai-inguruen bidez. Horrez gain, eskaintza kulturalaz gozatzeko aukera ere egongo da.
Bilbo
San Mamesko Ingeniaritza Eskolak emango dio leku Bilboko Herri
Unibertsitateari,
aipatutako datetan. Gaiei dagokienez, besteak beste, Teknologiaren neutraltasunaren
inguruan solasaldia eskainiko dute San Mamesko ikasleek,
Zigor Garro eta Ibon Goiaskoetxea preso politiko ohiek Kartzela eta
errepresioa izango dituzte hizpide, eta Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak, aldiz, hainbat hausnarketa mahaigaineratuko ditu subjektu
feministaren inguruan.
Leioa
Hezkuntza eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien (GKZ) fakultateetan nahiz Errekaldeko Etxarri II gaztetxean elkartuko dira Leioako campuseko ikasleak. Herri Unibertsitate horrek, esaterako, Igor Ahedo, La Pública a Judici eta Jon Kortazar izango ditu gonbidatu gisa. Posmodernitatera ekintza kolektiboa, Ikasleen aurkako errepresioa Katalunian eta Langile kontseiluen esperientziak 1919tik 1921era bitartean izango dituzte aztergai, hurrenez hurren.
Eibar
Eibarko Herri Unibertsitateko saioak San Andres
aretoan eta herriko gaztetxean egingo dituzte. Memoria
historikoa: martxoak 3, Gasteizko sarraskia eta UIB, Indarrak
batuz gaitasunak biderkatuz solasaldiak antolatu dituzte Eibarren; horrez gain,
mahai-ingurua osatuko dute Mattin Kortak, Aitor Bizkarrak, Kattalin
Barcenak eta Kiliki Frexkok, eta Musika, kultura eta politika aztertuko dituzte.
Gasteiz
Arabako hiriburuan ere prestatu dute egitarau propioa, eta parte hartuko dute, hala nola, GUETek, Ana Galarragak,
Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak nahiz Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak. GUETek harremanen inguruko
hausnarketa bat egingo du, Ana Galarraga COVID-19aren inguruko
argipenak ematen arituko da, eta Errakik eta Etxebizitza Sindikatuak Espazioen gaineko defentsaren inguruko gakoak
eskainiko dituzte besoz beso.
Ibaeta
Gipuzkoako campuseko ikasleek ere jakintza kritikorako tartea izango dute datozen egunetan. Beste hainbaten artean, osasun arloko ikasle bat, zuzenbide arloko langile bat eta unibertsitateko zenbait doktoregai gonbidatu dituzte. Oro har, ondoko auziak jorratuko dituzte hitzaldietan: Pandemia eta osasungintza. Zer dugu ikasteko?, Zuzenbidearen teoria orokorra eta marxismoa eta Unibertsitateko prekaritatea agerian.
IKASekin bat
Tokian tokiko Herri Unibertsitateetako egitarauek IKAS plataformak martxoaren 25ean egingo dituen mobilizazioetara batzeko deialdia barne hartzen dute. Bigarren hezkuntzako ikasleek abiatutako borrokaldiekin bat egin eta haiei elkartasuna adieraziko die, beraz, unibertsitateko ikasleriak.