ACTUALIDAD / Itaia
Henry Mendezen kontzertuaren harira, PSE-EEren jarrera konplize eta hipokrita salatu du Bidasoko Itaiak
Iaz, "ezkertiar" eta "gorriak" gorroto dituela esan eta Voxentzat botoa eskatu zuen abeslariak. Orduan, Madrilgo PSOEk Mendezen kontzertu bat bertan behera uztea galdegin zuen, baina ilusio osoz kontratatu dute Irunen. Sexu-eraso bat egin duen Rafa Mir futbolariari babesa adierazi dio berriki.
2026eko ekainaren 25 - 07:37
Henry Mendezen kontzertuaren harira, PSE-EEren jarrera konplize eta hipokrita salatu du Bidasoko Itaiak
— ARGAZKIA Granada Hoy

Datorren larunbatean, hilaren 27an, Henry Mendez abeslaria Irunen (Gipuzkoa) ariko da, San Pedro eta San Martzial jaien testuinguruan. Hala, sare sozialetan argitaratutako bideo baten bidez, Bidasoko Itaiak udal-gobernuaren (PSE-EAJ) jarrera hipokrita salatu du. Izan ere, iazko udan, hautsak arrotu zituen Mendezek: kontzertu bat eskaintzen ari zela, "ezkertiar" eta "gorriak" gorroto dituela adierazi zuen eta botoa eskatu zuen Santiago Abascalentzat, Vox alderdi faxistako presidentearentzat. 

Ostera, irailean, Vallecasen (Madril) kontzertua eskaini behar zuela, Ignacio Benitok, hiriko PSOEko eledunak, emanaldia bertan behera uzteko galdegin zion Jose Luis Martinez-Almeida alkateari (PP). Irunen, ordea, PSE-EEko Cristina Laborda alkatea eta Nuria Alzaga alkateorde eta Kultura zinegotziak Mendezen aldeko hautua egin dute, ilusio handiarekin haren kontzertua iragarriz Instragram sare sozialeko bideo batean.

Erabakiak baditu ertz gehiago, ordea. Izan ere, jaien atarian udalak indarkeria matxistaren aurkako "jarrera irmoa" duela esan badu ere, hartu dituen erabakiek matxismoaren hedapena erraztu dute. Batetik, Henry Mendezek babesa adierazi diolako publikoki Rafa Mir futbolariari, "Ánimo crack" mezua bidaliz. Iragan ekainaren 16an, Valentziako epaitegi batek zortzi urteko kondena jarri zion Mirri, neska gazte bati sexu-erasoa egin izanagatik. Mirrek, gainera, sareetan behin baino gehiagotan argitaratu ditu Francisco Franco diktadore faxistaren aldeko mezuak, baita adierazpen arrazistak ere. Bestetik, Irungo Udalak margoketa matxistak estali izanagatik ekonomikoki jazarri ditu Itaiako hainbat kide. 3.000 euroko isunekin zigortu dituzte, udalak berak estali egingo zituela esan bazuen ere.

Hori guztia dela eta, udal-gobernuaren hipokrisia salatu, eta indarkeria matxista normalizatzeko PSE-EEk duen jarrera aktiboa seinalatu du Bidasoko Itaiak.

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/Itaia_bidasoa/status/2069761513955496097