ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: 20 Minutos
2022/03/23 09:04

Herenegun bildu ziren Espainiako Gobernua eta estatuko garraio-enpresa elkarte handiak. Antza, 500 milioi euroko laguntzak emango dizkiela agindu zien elkarteei gobernuak, erregaien garestitzea konpentsatzeko. Datozen egunetan xehatuko omen du neurri hori gobernuak, gerora indarrean jartzeko. Horrek, baina, ez ditu garraiolarien protestak eten, kontrara: gero eta gehiago dira grebara jotzen ari direnak, batez ere, enpresa txikietakoak eta autonomoak.

Berria egunkariak azaldu duenez, autonomoek diote ez direla elkarrizketa horietan "ordezkatuta" sentitzen, eta zalantzan jarri dute gobernuak hitzemandako dirulaguntzak haiengana ere iritsiko ote diren. Uste dute, agian, enpresa handien artean banatuko dituztela laguntzak. "Neurri horiek ezer gutxirako balio dute. Egoera zaila da, eta okerrera doa, gero eta garraiolari gehiagok egin baitute bat protestarekin", adierazi du TransportBilbao Bilboko (Bizkaia) portuko garraiolarien elkarteko kide batek, Berria-k jaso duen modura. Grebari eusten jarraitzen dute, beraz.

Gaurkoa hamargarren greba eguna izango da. Azken egunotan, deialdiarekin bat egin du, besteak beste, Fetransa elkarteak; horren parte da Asotrava, EAEko garraiolari autonomoen elkartea. Orain arte, TransportBilbaok, Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak eta Tradisna Nafarroako elkarteak babestu dute greba. Patronal handiek ez dute deialdiarekin bat egin Hego Euskal Herrian.

Erregaien garestitzea izan zen garraiolarien grebaren azken pizgarria. Izan ere, autonomoek azaldu dute "dirua galtzen" ari direla erregaien gaur egungo prezioak direla-eta. Garraio-enpresa handietan, bestalde, beharginei ezarritako baldintzek okerrera egin dutela ere salatu dute.

Grebaren eragina bereziki nabaria da, esaterako, Bilboko portuan. Astebete baino gehiago da han ez dela kamioirik mugitzen. Beharginen protestak, baina, aurrera doaz, eta ohikoak bihurtu dira karabanak. Herenegun eta atzo ere martxa bana egin zuten Iruñeko (Nafarroa) errepideetan ehunka gidarik, Tradisnak deituta.

NO HAY COMENTARIOS