ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Bidebieta
2025/07/11 09:02

Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa ikerketa egin du Siadeco Ikerketa Elkarteak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eskatuta. Ondorio nagusi kezkagarri bat planteatzen du bertan, Berria-k jaso duen modura: "Laburbilduz, euren eguneroko bizimoduan inguruan nagusiki erdara duten euskal hiztunak gero eta gehiago izango dira". Atzo aurkeztu zituzten azterketaren emaitzak Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde Kultur Parkean.

Arnasguneen desagerpena

Ikerketan seinalatzen da litekeena dela Hego Euskal Herrian euskararen "arnasguneak" deiturikoak desagertzea, eta, beraz, eguneroko jarduna nagusiki euskaraz izaten den eremu horiek gutxitzen joatea, ia desagertzeraino. Euskararen erabilera %60tik gorakoa denean jotzen da toki bat "arnasgunetzat", eta %80tik gorakoa denean, berriz, "arnasgune bete" izendatu ohi da. Siadecok ondorioztatzen duenez, 2036rako ez da arnasgune beterik geratuko, eta desagertze bidean egongo dira euskararen erabilera %60tik %80ra bitartekoa den eremuak.

"Arnasguneen" beherakada izugarri azkarra izaten ari da, hortaz: 1991n, Hego Euskal Herriko biztanleen %7,2 bizi ziren eremu horietan; 2021ean %2,9 ziren, eta 2036an %0,2 soilik izan daitezke. Historian lehen aldiz, euskara nagusi den lekurik ez da egongo ia Hego Euskal Herrian, eta 7.267 lagun baino ez dira "arnasguneetan" biziko 2036an. 21 udalerri izango dira horiek; hamabi Gipuzkoan daude, eta bederatzi Nafarroan.

Egindako aurreikuspenek erakusten dute, 2036rako, euskal hiztunen erdia baino gehiago (%50,6) biziko direla erdara nagusi den eremuetan. Etxean nagusiki euskaraz hitz egingo dutenak, hala, gutxiago izango dira hamarkada bat barru: %11,6 ziren 2011n, eta %9,7 izango dira 2036an. Batez ere Nafarroan izango da nabaria jaitsiera hori, 2011n %4,2 baitziren etxean nagusiki euskaraz aritzen zirenak, baina %3,1 izango dira 2036an.

Euskararen ezagutzak behera egingo du Nafarroan

Azterketaren arabera, hezkuntza formalaren bidez, azken hamarkadetan gora egin du euskaldun kopuruak. Dena den, alde handia dago erkidegoen artean. 2021ean, 15 eta 24 urte arteko gazteen artean, %80tik gorakoa zen EAEn euskaraz zekitenen ehunekoa, baina %26koa zen Nafarroan.

Aurreikusten denez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gora egiten segituko du euskara dakitenen portzentajeak, baina behera egingo du Nafarroan. Biztanleria orokorrari erreparatuz gero, euskaraz zekitenak %12,1 ziren 2001ean eta %14,9 2021ean, baina %11,8 izango dira 2036an, Siadecoren esanetan.

Euskal hiztunak zahartu egingo dira

Ikerketa Elkarteak atera duen beste ondorio bat da "zahartu" egingo direla Hego Euskal Herriko euskal hiztunak. Izan ere, gaur egun euskararen ezagutza nagusiki gazterian suma daitekeela dio, baina gazte euskaldunek aurrera egingo dutela adinean eta, etorkizun hurbilean, jaitsi egingo dela 2 eta 24 urte arteko gazteek duten garrantzia euskal hiztunen barruan. Batez ere, 14 urtera arteko pertsonen artean izango da nabarmena jaitsiera hori, besteak beste, jaiotza tasaren beherakadagatik.

Horiek horrela, adin-tarte gazteenek behera egingo dute orokorrean; baina, zehazki, euskaldun kopurua ere jaitsi egingo da adin-tarte gazteenen artean. 2021ean, 2 eta 14 urte artekoen %69,8 ziren euskaraz zekitenak, baina %62,3ra jaitsiko da ehunekoa 2036rako.

NO HAY COMENTARIOS