ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @barakaldodigita
2020/09/01 10:24

Abuztuan zehar, gutxienez langile batek galdu du bizia soldatapean lanean ari zela. Barakaldoko (Bizkaia) Usoa tailerrean izan zen, joan den abuztuaren 17an: lorezaintza lanetan jarduten zuen 42 urteko beharginak, eta orga bat eramaten ari zenean, "gaizki sentitu" eta "zorabiatu" egin zen. Argitu ez zituzten arrazoiak medio, han zendu zen.

Handik hiru egunera egin zuten elkarretaratzea lankideek, enpresa batzordeak deituta. Hala, langilearen hilketa salatzeaz gain, haien lanpostuetan bizi dituzten "estresa, beldurra, prekarietatea eta segurtasunik eza" jarri zituzten jopuntuan. "Gaur egungo lan-baldintzak, estresa, beldurra, prekarietatea, behin-behinekotasuna, haien lanpostuetan hildako langileen zenbateko mingarri eta eskandalagarrien hazkuntza-salda eta funtsezko oinarria dira", salatu zuten langileek.

2020. urtea hasi zenetik, gutxienez 37 behargin hil dituzte soldatapean lanean. Sindikatuek jasotako datuen arabera, 45era hel daiteke kopuru hori.

ZAURITU BAT TRAPAGARANEN

Abuztuaren 21ean, 50 urteko langile bat zauritu zen Trapagarango (Bizkaia) lantoki batean. Makina batek harrapatuta geratu zen, eta suhiltzaileek erreskatatu ostean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten.

DESAGERTU BAT ZALDIBARREN

Bestalde, hainbat hedabidek abuztuaren 17an jakinarazi zuten gorpu baten aztarnak topatu zituztela Zaldibarko (Bizkaia) hondakindegian. Handik egun gutxira argitu zenez, iragan otsailaren 6an desagertutako bi beharginetako batenak ziren gorpuzkiak. Beste langileak, ordea, desagertuta segitzen du oraindik.