ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: publico.es
2021/04/07 12:40

22.500. ELA sindikatuaren arabera, horixe da Hego Euskal Herrian 2020an galdu ziren lanpostuen kopurua. Hain zuzen, 13.200 lanpostu desagertu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 9.300 Nafarroan. Dena den, enplegu-erregulazioko espedienteen areagotzeak zaildu egiten du datuen bidez errealitate osoa bistaratzea, dossier horiek "enplegu-murrizketa zeharo moteldu" baitute.

Azpimarratu dute, bestalde, "aldi baterako langileena" izan zela "galdutako enpleguaren %95". "2020an behin-behineko kontratuak zituztenak izan ziren lehenengo kaleratuak", esan du ELAk. "Partzialtasunaren elementuak" behin-behineko beharginen egoera larriagotu zuela azaldu du, "baina baita kontratu mugagabeak zituztenena ere".

Iaz, guztira 1.008.385 lan-kontratu sinatu ziren Hego Euskal Herrian. Dena den, soilik 78.730 (%7,8) ziren kontratu mugagabeak.

2021eko aurreneko bi hilabeteei erreparatuta bi ezaugarri nagusi aipatu ditu EAEko Lan Harremanen Kontseiluak: soldatapeko lanean behera egin dutela kontratazioek, eta gora egin duela aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eraginpean dauden langileen kopuruak. Joan den otsailean 38.783 behargin zeuden aldi baterako lan-erregulazioan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Ostalaritza, kolpatuena

Sektoreei dagokienez, ostalaritza izan zen iazko kaltetuena, 10.000 lanpostutik gora (-%11,8) galdu baitziren. Ondorioak nabarmenak izan dira manufaktura-industrian eta arte, jolas eta entretenimendu-jardueren sektorean ere; 7.000 eta 2.000 lanpostu desagertu ziren 2020an, hurrenez hurren.