COVID-19aren pandemia aurretik baino 400.000 lagun gehiago izango dira aurten Gurutze Gorriaren zerbitzuetan ate joka. Caritasek, berriz, iaz baino baliabide gehiago bideratu beharko ditu jende kopuru berari erantzuteko; %10 gehiago, zehazki. Horri eskaeren azken gorakada gehitu behar zaiola gogorarazi du Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE).
2021ean biztanleriaren heren batek "ezusteko gastuei aurre egiteko zailtasunak" zituela estimatzen da, eta horren baitan, %40ek enplegua zutela ziurtatu dio UNEDeko Ekonomia Katedraduna den Luis Ayalak El País egunkariari. Caritasera berehalako premiekin iristen diren pertsonek, hain zuzen, zailtasunak dituzte etxebizitza, hornidurak (argia, gasa eta ura, besteak beste) edota laguntza ekonomikoak bermatzeko. Erakundearen ikerketa sozialaz arduratzen den Foessa fundazioko idazkari teknikoak argi eta garbi adierazi du: "Datozen familien erdia baino gehiago lanean ari dira".
Alokairuaren zuloa
Hiri handietan gehiago sumatzen da pobrezia mota hori, etxebizitzaren prezioa askoz ere altuagoa baita. "Etxebizitzak hondorik gabeko putzu hori izaten jarraitzen du, eta familien diru-sarrera guztiak irensten ditu", adierazi du GKEak. Zailtasun-uneetan, lehen gastua alokairura edo hipotekara bideratu ohi da. Horiek ordaindu ahal izateko, gainerako gastuak murrizten saiatu behar izaten dute langile klaseko familiek: seme-alaben hezkuntzarekin lotutako gastuak, arropa, argindarra, ura, eta, azken muturrean, elikadura.
Gurutze Gorriak 2020an baino lagun gutxiago artatu behar izatea espero du aurtean, izatez, duela bi urte 2,2 milioi laguni elikagaiak, higiene-produktuak, jostailuak eta arropak banatu behar izan zizkieten. Aurten 1,5 milioi izan daitezkeela uste dute. "2019an 810.000 herritarri ematen genizkien elikagaiak, eta 2022an 990.000 izango direla uste dugu", adierazi du erakundeko koordinatzaile nagusiak.
Gazteen pobretzea
Hori gutxi balitz, oinarrizko produktuak banatzen dituzten erakundeek "gero eta gazte gehiago" artatzen ari direla ohartarazi dute. 2020ko urtarriletik 2021eko maiatzera bitartean, 100.000tik 200.000ra bikoiztu zen 16 eta 30 urte arteko erabiltzaileen kopurua. Joera hori gaur egun mantentzen ari dela ziurtatu dute erakundeek, eta ez dute euren harridura ezkutatzen: "Gazte horiek emantzipatzeko edo enplegu egonkorrak izateko adinean behar lukete".
Pobretze orokorra
Ez da gutxiagorako, izan ere, pobrezia edota gizarte-bazterketa arriskua neurtzen duen AROPE tasa osatua (At Risk Of Poverty or social Exclusion, ingelesezko sigletan) %0,8 igo zen iaz Espainiako Estatuan. Orotara, 2020an 13 milioi lagun inguru (biztanleriaren %8,3) "gabezia sozial zein material larrian" zeudela dio Espainiako Estatistika Institutuak (INE). 2021ean, biztanleriaren herenak "ezusteko gastuei aurre egiteko zailtasunak" zituela estimatzen da, eta %14ek, aldiz, "etxebizitza tenperatura egokian mantentzeko zailtasunak".
Berez zaila zen egoera horri inflazioa gehitu zaio, datorren urteko emaitzetan sumatuko dena. Datuen esperoan, gosearen ilaren gorakada dagoeneko begi bistakoa da Espainiako Estatuko hainbat puntutan. "Prezioen igoera ez da hertsiki krisi berri bat, bai, ordea, murrizketa gehigarri bat", dio Ayalak.
Iruditeria sozialean eta hedabideetan kontrakoa zirudien arren, langile klaseko familia asko oso larri irten ziren metaketa-krisi kapitalistaren 2008ko ataletik. Lan-indarraren merkatuan berriro kokatzea lortu zutenek, nahiko baldintza ezegonkorretan egin zuten; gero pandemia sasoiko geldialdia iritsi zen, eta azkenik, kontsumo-ondasun oinarrizkoenen garestitzea. Zentzu horretan, ekonomialariak "egiturazko bi arazo" nabarmendu ditu: "Biztanleriaren sektore oso kaltebera bat, egoera horretan urteak daramatzana, eta lan ezegonkorrekin bizi diren eta pobreziaren atalasetik gertu dauden pertsonen ehuneko handi bat". Ondorioz, turbulentzia sozioekonomiko txikienaren aurrean bi fenomeno horiek azaleratzen dira aldiro.
Gizarte Zerbitzuak gainezka
Arazoa administrazioari iritsi zaizkion laguntza-eskaeren igoeran ere antzematen da. Jose Manuel Ramirez Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien Elkarteko presidenteak El País-en aipatzen duenez, Espainiako Estatuko Aurrekontu Orokorren 2022ko memorian jasotako datuek "gizarte-zerbitzuen eskariaren igoera bat" adierazten dute: 2020an 10,5 milioi erabiltzaile zenbatu zituzten, eta 2022an 13,7 milioi izango dira.
Datu horiek informazio hutsa zein etxez etxeko laguntza bilatzen dutenak barne hartzen badituzte ere, zerbitzu horiek aurre egin behar dioten eskariaren tamainaren berri ematen du. "Ez dira iristen eta ez dira iritsiko, prozedura burokratikoak oso konplikatuak baitira", gehitu du Ramirezek. Udal askotan, janaria edo arropa jasotzeko larrialdietarako laguntzek bi hilabete ere iraun dezakete, diru-laguntza gisa izapidetzen baitira. Ondorioz, administrazio publikoak biziraupen-minimoak bermatzeko laguntza behar duten gero eta pertsona gehiago bideratzen dituzte GKEren batera.
Miseria ezkutatzen
Espainiako Estatuan ikusi izan diren gosearen ilarek zirrara eragin dute iritzi publikoan. Azkenaldian, ordea, ez da beste batzuetan bezain ikusgarria izan, eta hori ez da izan fenomenoa gutxitu delako; alderantziz. Administrazioak eta zenbait erakundek gizarte ingeniaritzako gero eta teknika sofistikatuagoak darabiltzate pobrezia erlatiboa zein absolutua ezkutatzeko helburuarekin.
Bonu digitalak eta txanpon-txartelak bezalako mekanismoak hedatzen ari dira estatu mailan, janaria jenerotan jasotzea ekiditen dutenak. "Onuradunen estigmatizazioa saihestea eta erosketa-saskia osatzeko askatasuna ematea" aitzakiatzat darabilte GKEek eta udalek. Egia esan, metodo horiek pobreziarik ez dagoenaren pertzeptzio soziala indartzeko balio dute. Gurutze Gorriak hirukoiztu egin du banaketa digitalen kopurua pandemia sasoian.