ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / The White House (X)
2026/01/22 10:12

Donald Trump mezu probokatzaile batekin heldu zen atzo Davosko Forora, baina gero, NATOrekiko "hurbilpen" posible baten berri eman zuen. AEBen eta NATOren arteko balizko aurreakordioak barne hartuko luke Trumpek Groenlandiako "meatze-eskubideak" eskuratzea, baita AEBek Europako zortzi herrialderen kontrako muga-zergen mehatxua aldi baterako etetea ere, "Groenlandiarekiko eta eskualde artiko osoarekiko etorkizuneko akordio baten esparruan". Gainera, misilen aurkako Urrezko Kupula defentsa-sistema hedatzea ere hitzartu dute, antza.

Otsailaren 1etik aurrera, Groenlandian maniobra militar batzuetan parte hartu duten Alemania, Frantzia, Danimarka eta Europako beste bost herrialderi muga-zergak ezarriko zizkiela esan zuen Trumpek, mehatxu modura. Badirudi, ordea, ez duela horrekin aurrera egingo azkenean, oraintsu NATOrekin lortutako aurreakordioa dela-eta. Presidenteak CNBC-ren aurrean adierazi zuen akordioa "benetan zoragarria" dela: "Nahi genuen guztia daukagu". JD Vance presidenteordeak eta Marco Rubio estatu-idazkariak gidatuko omen dituzte negoziazioak; hala ere, Lars Løkke Rasmussen Danimarkako Atzerri ministroak bere gaitzespenari eusten dio: "Ez da gertatuko, Estatu Batuek ez dute Groenlandia bereganatuko. Marra gorri bat da".

Erabateko biraketa bat dakar iragarpen horrek, Trumpek ordu batzuk lehenago egindako hitzaldi oldarkorraren ostean. Bertan, Groenlandia bereganatzeko "berehalako negoziazioei" ekiteko eskatu zuen, Bigarren Mundu Gerraren ostean uhartea Danimarkari itzultzea "inozoa" izan zela ohartaraziz: "Danimarkarrek eta groenlandiarrek baietz esan dezakete, eta estimatuko dugu; ezetz esan dezakete, eta gogoratuko dugu". Hala ere, lehen aldiz baztertu zuen "gaur egun" indarra erabiltzea. Bere hitzaldi luzean, Emmanuel Macron eta Mark Carney bezalako agintari europarrei ere eraso zien, eta Ukraina eta Errusiaren arteko elkarrizketak "puntu erabakigarrian" daudela defendatu zuen, Zelenskik eta Putinek akordio bat lortzen ez badute "tentelak" direla azalduz.

Itxurazko desblokeoa gorabehera, kontraesanak bere horretan dirau: Trumpek dio Danimarkak balizko akordioa onartzen duela Ruttek hura "ordezkatzen" duelako NATOn, baina Danimarkako Gobernuak aurrez aurreko oposizioa berresten du. AEBetako presidentearen esanetan, itunaren testua laster argitaratuko dute; eta "ez du eperik, betiko da". Trumpen lurralde-aldarrikapenek eragindako krisi transatlantikoa, oraingoz, lasaitasun tirabiratsu batean geratu da.

NO HAY COMENTARIOS