Borrokan jarraituko dute Amurrioko Tubos Reunidoseko beharginek: greba mugagabearen alde egin dute langileek eta gehiengo sindikalak. Langile-asanblada bat zegoen deituta atzo goizerako, eta greba mugagabera jotzeko proposamena mahaigaineratu zuten bertan ELA, ESK eta LAB sindikatuek (21 ordezkari sindikaletatik hamalau dituzte). Langileek mobilizazioak areagotzea eta greba mugagabea hastea erabaki zuten, hortaz, martxoaren 15ean hasiko da greba, 22:00etako lan-txandan, eta Amurrioko lantokiko jarduera guztia geratuko dute. Asmoa da enpresak espedientea atzera bota dezala eta ez dezala altzairutegia itxi.
Aiaraldea.eus-ek jaso duenez, hainbat sindikaturen eta Trapagarango ordezkari sindikal batzuen asmo posibleak gelditzea ere bilatzen dute Amurrioko beharginek. Izan ere, badirudi enpresako zuzendaritzak proposatutako espedientea onartzeko pausoak ematen ari direla, espedienteari buruzko kontsulta-aldia luzatuz, esaterako. Duela bi egun bukatu zen epea, akordiorik gabe, baina hura luzatzearen alde egin dute enpresak, CCOOk, UGTk eta Meatzaldeko ELAko ordezkari sindikalek (haietako batek Whatsapp bidez), nahiz eta zuzendaritzak kaleratze masiboa ezartzeko asmoz jarraitu. Enpresak 274 behargin kaleratu nahi ditu Amurrion eta 27 Trapagaranen.
Espedientearen inguruko kontsulta-aldia luzatuta, langileen eta sindikatuen gaineko presioa areagotu du enpresak, eta langileak zatitzea bilatzen duela salatu dute hainbatek. Kaleratze boluntarioen eta aurretiazko erretiroen baldintzak hobetzeko prest dagoela adierazi omen du zuzendaritzak, baina xantaia batekin: horretarako, espedientea onartu beharko dute sindikatuek. Amurrioko plantillak, ordea, aldarri argi bat egin du greba mugagabera joz: ez dituzte 301 kaleratzeak onartzen, enpresaren xantaiak eta sindikatu batzuen azpijokoak gorabehera.