Aldaketak izan dira Tubos Reunidoseko lan-gatazkan: atzo amaitu zen enpresako zuzendaritzak ezarri nahi duen enplegu-erregulazioko espedienteari buruzko kontsulta-aldia, akordiorik gabe, baina badirudi epea luzatuko dutela azkenean. Azken momentuan egin dute luzapenaren alde CCOO eta UGT sindikatuek eta Trapagarango lantegiko ELAko bi sindikatuk; horren ondorioz, ELAk kanporatu egingo omen ditu bi ordezkari horiek. Dena den, prozesua luzatu eta espedientearen inguruko negoziazioa luzatuko dute momentuz, eta ostiral honetan izango da hurrengo bilera.
Aiaraldea.eus hedabideak jaso duenez, espedientearen bidez kaleratze kolektiboa inposatzeko asmoa mantentzen du enpresako zuzendaritzak: 300 langile daude arriskuan. Luzapenarekin, "enpresak Amurrioko eta Trapagarango langileak zatitzea" bilatzen duela uste du ELAk, "kaleratzeak gauzatzerakoan akordioa errazteko". LAB eta ESK sindikatuek salatu dute legez kontrakoa dela kontsulta-epearen atzeratzea: negoziazio-mahaian, ordezkari sindikalen hamahiru eserlekuetatik hamabi zeuden beteta bozketa izan zen momentuan, eta seik alde eta seik kontra bozkatu zuten.
ESK-k kritikatu du enpresako zuzendaritzak antolatu duela ostiraleko bilera: "Enpresak erabaki du egitea". Uste du ez dagoela hitz egiteko marjina handirik, bere asmoei eusten dielako enpresak: "Tubos Reunidoseko zuzendaritzak argi utzi du altzairutegia itxi eta logistika kanporatu nahi duela. Ez dago zer negoziatu".
Aipatutako komunikabideak jakinarazi du kaleratze boluntarioen eta aurretiazko erretiroen baldintzak hobetzeko prestutasuna erakutsi duela orain enpresak, baina xantaia batekin: horretarako, espedientea onartu beharko dute sindikatuek. Orain arte, sindikatuek esan dute ez dutela onartuko ez kaleratzerik, ez itxierarik, ez kanporatzerik.
Bai atzo eta bai gaur, Bilboko hainbat egoitzatan mobilizatu dira Tubos Reunidoseko beharginak. Enpresak Bilbon dituen bulegoen aurrean elkarretaratu dira gaur, eta ohi bezala, Ertzaintza bertaratu da. Kaleratzeen aurka borrokan jarraitzen du plantillak, datozen egunetako berrietara adi.