Greba eguna izan da gaurkoa Hego Euskal Herriko hezkuntza ertainean eta unibertsitatean. Ikasle Abertzaleak antolakundeak deituta, milaka ikaslek jo dute grebara, "negozioen eta inposizioen hezkuntzari" ezetz esateko eta "doakoa, kalitatezkoa nahiz unibertsala izango den hezkuntza-sistema sozialista aldarrikatzeko". Goizetik ekin diote lanari piketeek ikastetxeetan eta campusetan, ikasleei borrokarako deia eginez. Eguerdian, bestalde, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan bildu dira grebalariak, manifestazio bateratuak egiteko.
Negozioen eta inposizioen hezkuntza borrokatu! lelopean, 12:00etan hasi dira gaurko mobilizazioak; Iruñeko (Nafarroa) Foruen Plazatik, Bilboko (Araba) Eliptikatik, Donostiako (Gipuzkoa) Bulebarretik eta Gasteizko (Araba) Andre Mari Zuriaren Plazatik. "Zorionak despolitizazioa eta desmobilizazioa nagusi diren garai honetan kikildu ordez, ikastetxez ikastetxe eta fakultatez fakultate lanean eta borrokan aritu zareten guztiei", esan dute IAko kideek mobilizazioen bukaeran.
Negozioak eta inposaketak
"Oso larria da bizitzen ari garena, hezkuntza guztiz merkantilizatzen ari baitira; Bigarren Hezkuntzatik hasi, Lanbide Heziketatik igaro eta unibertsitateetaraino", ohartarazi dute: "Enpresari handiek eta politikari profesionalek, zuzenean nahiz zeharka, heziketa-prozesua haien diru-gosearen arabera antolatzen dute eta inpunitate osoz egiten dute". IAk salatu duenez, "hausnarketak, edukiak edota formakuntzak" ez dute lekurik hezkuntzan: "Merkatuaren beharren arabera diseinatzen dira ikasgaiak eta nola pentsatu nahiz nola jokatu behar dugun inposatzen digute". "Normatibitate horretatik irteten dena", gainera, "zigortua eta jazarria" dela gogorarazi du.
Egoera horretan ikasle langileak jasaten ari diren eraso zehatzak aipatuta, IAk azpimarra egin die eredu dualari eta ordaindu gabeko praktikei, bai eta graduen zein masterren etengabeko garestitzeari ere. "Ikasle-geruza txiroenari ikasteko eskubidea kentzen zaio eta hezkuntzatik kanporatua izaten ari da zuzen-zuzenean", gaineratu du.
Ikasle antolatuen kontrako errepresioa
Gaur egungo krisi-testuinguruan "langile-klasea zokoratu eta otzandu beharra dauka hezkuntza-sistema kapitalistak", IAko kideek azaldu dutenez. Horri lotuta, hezkuntzan ere "autoritarismoan sakontzen eta independenteki antolatzen diren ikasleak gogor erreprimitzen" ari direla diote.
Horren adibidetzat jo dute gaurko grebaren lanketan jardun duten militanteek jasan behar izan duten errepresioa; hala nola, Bilboko Errekaldeberrin eta Botikazarren zein Iruñeko Iturraman kaleratu dituzten ikasleak, edota Leioan (Bizkaia), Donostian zein Gasteizen identifikatu dituzten kideak.
Gaur ere egin dute ikasleen kontra polizia-indarrek: Leioako campusean piketeak inguratu eta identifikatu ditu Ertzaintzak; Bilboko manifestazioaren ostean ikasle bat atxilotzen saiatu dira; Gasteizko mobilizazioa amaitzean hainbat ikasle jarraitu, atxiki, miatu eta identifikatu dituzte ertzainek; Iruñeko manifestazioa bukatzean ikasle bat eraman eta identifikatu du Espainiako Poliziak; Donostian, mobilizazioaren amaieran, ikasle bat atxikirik eraman eta bi identifikatu ditu Ertzaintzak, eta abar.
Horretaz gain, joan den otsailean Gasteizko Herri Unibertsitatetik indarrez kanporatutako eta jipoitutako ikasleak izan ditu gogoan IAk, baita greba baten harira epaiketaren zain dauden EHUko 34 ikasleak ere. "Kolpez kolpe gure jarduna eten nahi dute, baina argi erakutsi dugu jasandako eraso bakoitzaren ondoren indartsuago egiten dugula aurrera", esan dute gaurkoan.
Indarkeria
"Gure gainean ikasle biolentoen mamua sortzen ari dira, hezkuntzaren ongizatea arriskuan jartzen duten ikasleen mamua. Baina, errealki, zer da biolentoa dena?", galdegin du IAk: "Biolentoa lana eginda ere ikasketak ezin ordaintzea da, biolentoa erasotzaileak sortzen eta erasoen aurrean beste aldera begiratzen duen hezkuntza da, eta biolentoa pentsamendu kritikoa sustatzeagatik ertzainak gu jipoitzera bidaltzen dituen nahiz Israelgo estatu sionista eta genozidarekin kolaboratzen duen EHUko errektoretza da".
Hezkuntza-sistema sozialistaren norabidean
Ikasleek aldarrikatu dute, dena den, "geldirik geratzea ez dela aukera bat": "Argi daukagu enpresarien interesetara azpiratuta dauden alderdi politikoen hauteskunde-zirkua ez dela alternatiba bat". Jakinarazi dute "horretatik kanpo antolatzeko hautua" egin dutela, eta "hezkuntza-sistema sozialistaren norabidean" kokatzen dutela "borroka-prozesu eta dinamika bakoitza".
"Posible da bestelako hezkuntza-sistema bat eraikitzea; ikasleon garapen askea eta pentsamendu kritikoa bultzatuko dituena, euskaraz ikasteko eskubidea errealki bermatuko duena, langileon kontrolpekoa eta doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango dena: hezkuntza-sistema sozialista", argitu du IAk. Gaurko greban parte hartu duten guztiak zoriondu ostean, seinalatu du borrokak ez duela etenik: "Lan asko daukagu aurretik eta hau hasi besterik ez da egin. Ikastetxez ikastetxe antolatzen eta mobilizatzen jarraitu beharra daukagu; doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den hezkuntza-ereduan sakondu beharra daukagu".
📸 [#M20IkasleLangileokGrebara]
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) March 20, 2024
Gaurko ikasle grebaren barruan, eguerdirako antolatu ditu manifestazioak @IAbertzaleak|ek.
Hasi da Bilboko mobilizazioa, Eliptikatik. pic.twitter.com/z5EhIiwUL1