2018ko irailaren 28an hasi zen Gipuzkoako adinekoen egoitzetako greba. Langileek 143 greba egun egin dituzte ordutik, une ezberdinetan. Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailak %80eko gutxieneko zerbitzuak inposatu zituen hasieratik, eta gora doa ehunekoa. ELAk azaldu duenez, gutxieneko zerbitzu horri erantzun behar izateak, "gobernu bereko beste ordezkaritza batek, kasu honetan, Gizarte Politiken ordezkaritzak, gutxieneko arreta gisa ezartzen duena baino langile gehiagok jardun behar izatea ekartzen zuen".
Boikota grebari
Lan Sailak
gutxieneko zerbitzu altuak ezarri izanaren helburua, grebaren eragina
apaltzea eta boikotatzea izan da, langileen esanetan. Horretan, gainera, Jaurlaritzak enpresen konplizitatea izan duela nabarmendu dute. Pasa den azaroaren 22an, grebalariek agerraldia egin zuten Donostiako (Gipuzkoa) epaitegien aurrean, eta salatu egin zuten Gipuzkoako
hainbat enpresak nola baliatu duten gutxieneko zerbitzuen dekretua. Esate baterako, "Biharkok, grebaren jarraipena
oztopatzeko, sei minutuko txandak ezarri ditu, eta egun berean zortzi
aldiz sartzera eta irtetera behartu ditu langileak".
Auzitegi Nagusia, Jaurlaritzaren eta enpresen eskutik
Gaur, abenduak 5, atera da argitara Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi
Nagusiaren epaia, gutxieneko zerbitzuen inguruan. Ebazpenean, arrazoia eman dio Eusko Jaurlaritzari, eta berretsi egin du haren gutxieneko zerbitzuak gogortzeko erabakia. Epaia argudiatzeko, "adinekoek egoki
artatzeko duten eskubidea" galdegin dute. Langileek, baina, behin eta berriro azpimarratu dute zerbitzuaren kalitatea bermatzea dela greba egiteko arrazoietako bat, baita sektoreko lan baldintzak hobetzea ere.
Grebak aurrera
darrai
Oztopoak oztopo, grebalariek aurrera jarraitzen dute beren
egutegiarekin eta borroka dinamikarekin. Pasa den azaroaren 11n hasi
zuten grebaldi berria, eta heldu den asteko asteazkenera arte
iraungo du.