AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Langileen agerraldia azaroan. Argazkia: ELA
2019/12/05 18:14

2018ko irailaren 28an hasi zen Gipuzkoako adinekoen egoitzetako greba. Langileek 143 greba egun egin dituzte ordutik, une ezberdinetan. Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailak %80eko gutxieneko zerbitzuak inposatu zituen hasieratik, eta gora doa ehunekoa. ELAk azaldu duenez, gutxieneko zerbitzu horri erantzun behar izateak, "gobernu bereko beste ordezkaritza batek, kasu honetan, Gizarte Politiken ordezkaritzak, gutxieneko arreta gisa ezartzen duena baino langile gehiagok jardun behar izatea ekartzen zuen".

Boikota grebari

Lan Sailak gutxieneko zerbitzu altuak ezarri izanaren helburua, grebaren eragina apaltzea eta boikotatzea izan da, langileen esanetan. Horretan, gainera, Jaurlaritzak enpresen konplizitatea izan duela nabarmendu dute. Pasa den azaroaren 22an, grebalariek agerraldia egin zuten Donostiako (Gipuzkoa) epaitegien aurrean, eta salatu egin zuten Gipuzkoako hainbat enpresak nola baliatu duten gutxieneko zerbitzuen dekretua. Esate baterako, "Biharkok, grebaren jarraipena oztopatzeko, sei minutuko txandak ezarri ditu, eta egun berean zortzi aldiz sartzera eta irtetera behartu ditu langileak".

Auzitegi Nagusia, Jaurlaritzaren eta enpresen eskutik

Gaur, abenduak 5, atera da argitara Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaia, gutxieneko zerbitzuen inguruan. Ebazpenean, arrazoia eman dio Eusko Jaurlaritzari, eta berretsi egin du haren gutxieneko zerbitzuak gogortzeko erabakia. Epaia argudiatzeko, "adinekoek egoki artatzeko duten eskubidea" galdegin dute. Langileek, baina, behin eta berriro azpimarratu dute zerbitzuaren kalitatea bermatzea dela greba egiteko arrazoietako bat, baita sektoreko lan baldintzak hobetzea ere.

Grebak aurrera darrai

Oztopoak oztopo, grebalariek aurrera jarraitzen dute beren egutegiarekin eta borroka dinamikarekin. Pasa den azaroaren 11n hasi zuten grebaldi berria, eta heldu den asteko asteazkenera arte iraungo du.