ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/13 12:29

El Correo-k, Naiz-ek zein EITBk gaur jaso dute larunbat honetan Bilbon (Bizkaia) izango den ustezko "erradikalen martxa" bati buruzko albistea. Euskal Selekzioa-Palestina futbol-partidaren aurretik Euskal Herriko zaletuen harmailek eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak egingo duten kalejirari buruz ari da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak deialdia jopuntuan jarri baitu berriki. Gezurrak erabili ditu jeltzaleak horretarako, esan baitu palestinar erresistentziaren aldeko kalejira ez zaiela "komunikatu" agintaritzei, baina faltsua da hori: deialdia behar bezala jakinarazita dago aldez aurretik.

Antolatzaileek duela hilabete egin zuten lehenengo jakinarazpena. Hasieran agintaritzek atzera bota zuten palestinar erresistentziaren aldeko kalejira egiteko eskaera, planteatzen zen ibilbidea (Areatza-On Diego Lopez Haroko Kale Nagusia-Jesusen Bihotza) aitzakiatzat hartuta; izan ere, argudiatu zuten arratsalde berean beste zenbait deialdi eginak zeudela. Gerora, ordea, jakinarazpena berriz tramitatzean, ez da inolako arazorik egon. 

"Bingen Zupiria beldur da urriaren 12an Falangeak Gasteizen egin zuen ekitaldiaren antzeko amaiera bat izango ote den", diote komunikabideek Segurtasun Sailaren hitzetan oinarrituta. Urriaren 12an, Ertzaintzak gogor kargatu zuen falangisten aurka mobilizatu ziren ehunka pertsonen aurka, hainbat pertsona zaurituz eta atxilotuz. Eta bestalde, gaineratzen dute "Ertzaintza istilu-arriskuaren aurrean prestatzen" ari dela, Euskal Selekzioaren eta Palestinaren lagunarteko partida izateko bi egun geratzen direnean.

Larunbatean, gaueko 20:30ean jokatuko dute partida San Mamesen. Hitzordu horren bueltan, Palestinaren aldeko ekimen ugari izango dira Bilbon egun osoan zehar, tartean, euskal zaletuek eta Palestinarekin Elkartasunak elkarrekin antolatutakoak: eguerdian omenaldia egingo diete eraildako kirolari palestinarrei Arriagan; eta arratsaldean, Euskal Selekzioak jokatzen duenetan zaletuen harmailek egiten duten ohiko kalejira izango da, palestinar erresistentziaren aldeko aldarri gehigarriarekin aurten. 18:30ean hasiko da Areatzatik. Deialdi horixe bera da Jaurlaritza kriminalizatzen ari dena.

NO HAY COMENTARIOS