Ekida Arte Ekimen Sozialistak mural berria egin du Gasteizko (Araba) Arana auzoan. Hemezortzi metroko horma batean egindako irudi koloretsua da, San Jose Plazaren ondoan, Extremadura kaleko 21. zenbakian. Ekimena Aranako Auzo Elkartearekin batera eraman dute aurrera. Bizilagunek eta azkenaldian bertatik pasatu direnek Ekidakoak lanean ikusi dituzte apiril hasieratik; aldamioak eta garabiak erabili dituzte eta egunez egun joan dira mural handia osatzen. Aurreko astean amaitu zuten lana, eta larunbatean aurkeztu zuten jendaurrean.
2021etik ari da Ekida artegintza ikuspegi politiko iraultzailetik lantzen. Hainbat diziplina artistikotan egiten du lan: musikan, literaturan, antzerkian. Muralgintzan ere aritzen dira, eta horren adibide da Aranan egin berri dutena. Lan guztiak aurrera eramateko, oinarritzat hartzen dute haien asmo politiko iraultzailea, Ekidako kideek azaldu dutenez; eta, beraz, modu militantean egiten dituzte lan guztiak.
Aranako murala Maiatzaren Lehenerako, Langileon Nazioarteko Egunerako, egin dute. Alde horretatik, langile-antolakuntza irudikatu nahi izan dute San Jose Plaza ondoko etxebizitza-bloke baten kanpoaldean. Antolatzen ari diren figuren ondoan, ordea, gaur egungo gerra eta miseria testuingurua margotu dute, Palestinako genozidioak edo AEBek eta Israelek Iranen aurka egindako erasoak kontuan izanda. Irudiaren bitartez, egungo egoeraren aurkako ikuspegia emateaz gain, haren kontra egiteko modu bakarra antolatzea dela adierazi nahi izan dute.
Muralaren aurkezpena jendaurrean
Behin murala bukatuta, jendaurreko aurkezpena antolatu zuten aurreko larunbaterako, hilaren 25erako. Aranako Auzo Elkartearekin batera, auzo osoarentzako eta adin guztietakoentzako egitaraua prestatu zuten. Eguerdiko 12:00etan, muralaren aurrean bilduta, irudia aurkeztu zuten Ekidakoek. Ondoren, 12:30ean, umeentzako aurpegi margoketa izan zen eta, jarraian, luntxa eta kontzertua, muralaren aurrean.
Ostiral honetan izango da Maiatzaren Lehena, eta Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) Iruñean (Nafarroa) antolatutako manifestaziora batzera deitu du Ekidak. 12:30ean hasiko da mobilizazioa Zezen Plazatik.