ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/21 09:55

Ostegunean eman zuten berria: Gernikan (Bizkaia) sortutako presio soziala dela-eta, bertan behera utzi dute Elitzur Ramla saskibaloi-talde israeldarraren bisita, eta Bulgariara tokialdatu dituzte ordezkari sionistak azaroaren 25ean eta 27an Maloste kiroldegian jokatu behar zituen partidak. "Partidak Gernikan jokatzea saihestu izana, zentzu handi batean, aste hauetan zehar Gernikan martxan jarri dugun borrokaren ondorioa da", azaldu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak, atzo iluntzean Pasealekuan egindako agerraldian.

"Duela hilabete jarri genuen martxan dinamika", ekarri zuten gogora: "Asanblada irekiak antolatu, kaleak aldarriz bete, eskuorriak banatu eta mobilizazioak antolatu ditugu. Herriko hainbat sektoretako jendea antolatu gara partida honekiko kontrakotasuna adierazteko; norbanakoak, eragile politikoak, kirol-taldeak, establezimenduak, hezkuntza zentroak…". Horiek horrela, lan horrek guztiak "zerbait utzi badu, antolakuntzak eta borrokak fruituak ematen dituela da".

"Ezin gara leku aldaketarekin konformatu"

Prentsaurrekoan ohartarazi zuten, dena den, "ezin garela leku aldaketarekin konformatu". Hala xehatu zuten: "Lekuz aldatzeko erabakia FIBAk bultzatzen duen trikimailu bat da, partidak normaltasun osoz jokatu daitezen eta horren aurkako mobilizazioa apaldu dadin". Gogorarazi zuten Israelek kirol-ikuskizunak erabiltzen dituela "bere estatua eta bere jarduna" legitimatzeko, "genozidio bat egiten ari den bitartean eta sistematikoki palestinarrei lurrak lapurtzen dizkien bitartean"; eta berdina egiten duela "Euskal Herriko hainbat instituzio eta eragilerekin dituen harreman ekonomiko, politiko eta kulturalekin".

"Hasieratik, gure aldarria argia izan da: ez dugu nahi talde israeldarrik, ez Gernikan ez inon", nabarmendu zuten. Horiek horrela, borrokan segitzera eta hura areagotzera deitu zuen plataformak. "Gernikakoa lortu dugu, baina aldarria askoz haratago doa: talde israeldarrak txapelketa guztietatik kanpo gelditu behar dira. FIBA sionismoa eta hura bultzatzen ari den genozidioa zuritzen ari da", zioen atzo.

Garrantzitsutzat jo zuen azken hilabeteetan "Euskal Herrian sionismoaren aurkako eta palestinar erresistentziaren aldeko aldarria" nagusitu izana, eta beraz, azpimarratu zuen "inoiz baino beharrezkoagoa" dela "aldarri hori konpromiso bihurtu eta estatu kriminal, kolonial eta supremazista horren konplizeak seinalatzea eta harreman guztiak eteteko antolatzea".

Aurrera doa biharko manifestazioa

Elitzur Ramlaren bisita zela-eta, partidak bertan behera gera zitezen, hainbat mobilizazio-deialdi egin zituzten Gernikan datozen egunetarako. Biharko, azaroaren 22rako, manifestazio bat antolatu zuten. Partiduak azkenean Malosten izango ez badira ere, mobilizazioa mantenduko du Palestinarekin Elkartasunak; "batetik, antolakuntza eta borrokarekin Gernikan partida gelditzea lortu dugula aldarrikatzeko, eta bestetik, Israelen aurkako boikota ez dela amaitu argi uzteko". Arratsaldeko 18:00etan abiatuko da manifestazioa Merkurio plazatik.

NO HAY COMENTARIOS