ACTUALIDAD / Espacios de control obrero
Gernikako Gaztetxeak berme guztiekin jarrai dezala exijitu du gazte andanak
Desalojo arriskuan dago Gernikako Gaztetxea, eta udalak eraikinean egin nahi duen obraz arduratuko den enpresa gaur goizean zen bertaratzekoa. Espazioa defendatzera deitu zuen gazte-asanbladak, eta enpresa, azkenean, ez da joan. Desalojoaren aurkako aldarria udaletxeraino eraman dute gazteek, udal-ordezkariekin urgentziazko bilera bat egitea exijituz.
2026eko abuztuaren 24 - 09:10
Gernikako Gaztetxeak berme guztiekin jarrai dezala exijitu du gazte andanak

Gernikako Gaztetxearen defentsan, gazte andana mobilizatu da gaur goizean goizetik, eta eserialdia egin dute udaletxean, Gaztetxeak "berme guztiekin" jarrai dezala exijitzeko. Desalojoa gelditzea eta Gaztetxea dagoen eraikinean egitekoak diren obrak atzeratzea eskatzen dute gazteek, eta Gaztetxeak barne hartzen duen proiektuarekin segitu ahal izateko bermeak ere exijitzen dituzte. Izan ere, momentu honetan, arrisku bizian dago Gernikako Gaztetxea: liburutegi bat egokitzea argudiotzat hartuta, eraikina hustu eta bertan obra batzuk egin nahi ditu udalak (Guztiontzako Herria), nahiz eta oraindik ez dagoen aterabiderik adostuta Gaztetxeak bere jardunarekin jarrai dezan.

Gaur egun Gaztetxea kokatzen den eraikinean obrak egingo dituen enpresa gaur goizean zen bertaratzekoa, eta espazioa defendatzeko, 08:00etarako bertan mobilizatzeko deia zabaldu zuen Egurre Gazte Asanbladak. Jende ugari hurbildu da Gaztetxearen alde, eta enpresa, azkenerako, ez da joan. Udalak, gerora, hainbat hedabideri esan die gaur ez dela inor bertaratuko obrekin hasteko asmoz.

Desalojoaren aurkako aldarria udaletxeraino eraman dute orduan gazteek, eta eserialdi bat egin dute bertan, Gaztetxearentzako bermeak aldarrikatzeko. Udal-ordezkariei bilera bat exijitu diete, eta azken informazioen arabera, lortu dute jada.