ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/07/04 10:40

Busturialdeko Itaiak aurreko astean jakinarazi zuen borroka bati ekin ziola, Gernikan (Bizkaia) gaueko tren zerbitzua indartu dezatela exijitzeko. Izan ere, hiru tren geltoki daude Gernikan, baina horietako batean baino ez da geratzen trena gauetan; ez da geldialdirik egiten Lurgorrin, ez eta Institutuan.

Uda, jaiak ugaritzen direla kontuan hartuta, "testuinguru aproposa" bihurtzen da "emakume langileon aurkako erasoak egon daitezen", Busturialdeko Itaiako kideek ohartarazi dutenez. "Horrek, bizi dugun babesgabetasuna ikusgarriago eta gordinago egiten du. Horren adibide dira irainak, ukituak, jarraipenak eta etxera bakarrik joateko beldurra", azaldu dute. Gaueko tren zerbitzua hain mugatua izateak eta "etxera heltzeko oinez egin beharreko ibilbidea luzatzeak", beraz, "babesgabetasun egoera" hori larriagotzen duela salatu du Itaiak.

"Gaueko orduetan egoera horretan topatu behar ez izateak soluzio erraza dauka: trena hiru geltokietan gera dadila, babesgabetasun tartea murrizteko", proposatu du. Hala, Euskotreni exijitu diote "gaueko zerbitzua berma dezala", eta Gernikako Udalari, berriz, "bere esku dauden baliabideak balia" ditzala hori ahalbidetzeko.

"Azpimarratu nahi dugu, indarkeria matxista oro kondenatu eta eraso horiek egikaritzen dituzten figurak seinalatzeaz gain, Itaiatik, emakume langileon babeserako eta antolakuntzarako bitartekoak martxan jartzen jarraituko dugula, emakume langileon zapalkuntza oro gaindituko duen proiektu politikoari ekarpena eginez", gaineratu dute Itaiako kideek.

Erantzun faltaren aurrean, tresnak

Oraindik ez da erantzunik izan ez Euskotrenen aldetik, ez udalaren aldetik. Hortaz, lanean jarraitzen du Itaiak: sinadura bilketa bat abiatu du, eta Etxeratze Kolektiboak antolatu ditu. Datozen egunetan Gernikako hainbat txokotan jarriko dituzte informazio-guneak, sinadurak biltzeko eta Etxeratze Kolektiboetan parte hartu nahi duen orok izena eman dezan.

NO HAY COMENTARIOS