ACTUALIDAD / Espacios de control obrero
Gaztetxe berria lortu dute Galdakaon
"Egun honek aro berri bat zabaltzen du herriko gazteontzat", adierazi du Izetu Gazte Asanbladak, Muguruko fabrika zaharra birjabetu ostean: "Gaztetxea herriko gazteak antolatzeko, elkartzeko eta eztabaidatzeko leku moduan aldarrikatu nahi dugu, lehen lerroan jarriz gazteon benetako interesak". Egitarau bat antolatu dute gaurko: auzolana, bazkaria, asanblada...
2026eko apirilaren 12 - 08:34
Gaztetxe berria lortu dute Galdakaon

Beste Gaztetxe berri bat zabaldu dute Euskal Herrian: Galdakaon (Bizkaia), Muguruko fabrika zaharra (Bizkai kalea, 12) birjabetu dutela jakinarazi dute bart Izetu Gazte Asanbladatik. "Heldu da luzaroan espero genuen eguna", diote: "Egun honek aro berri bat zabaltzen du herriko gazteontzat". Gogora ekarri dutenez, hamar urte baino gehiago pasatu dira Ortuondoko Gaztetxearen itxieratik eta zazpi urte Muguruko Gaztetxea lortzeko prozesutik. "Gu, orain, aurreko asanbladen lekukoa batzera batoz, Gaztetxe berri baten proiektua aurkeztuz", azaldu dute Izetuko kideek.

Aurreko hilabeteetan egindako lana ipini dute balioan: "Otsail hasieratik herri guztia Gaztetxearen aldeko aldarriz betetzen ibili gara. Baina hau ez da bat-bateko ideia bat. Pauso berri hau asanbladaren hasierako ideien barne jaio zen". 2025eko ekainean aurkeztu zuten Izetu Gazte Asanblada, eta hainbat eginkizun nabarmendu zituzten: "Ideia atzerakoien eta despolitizazioaren aurrean zapalkuntza guztien aurkako ideiak zabaltzea, kontsumo kapitalistaren aurrean gazte langileontzat aisialdi alternatiboa antolatzea, eta pobretze orokortuaren aurrean gure antolatzeko eskubidea defendatzea". Eta Euskal Herriko hainbat eta hainbat Gazte Asanbladak Gaztetxeen alde egiten duten lana aldarrikatu zuten, hortaz. Orain Galdakaon Gaztetxe berri bat lortu dutela, Izetuko kideek seinalatu dute bi arrazoi nagusik bultzatu dutela euren lana iaztik hona: "Alde batetik, galdakoztar gazteon aisialdia guztiz kontsumora bideratuta dago, tabernak edo kaleak dira gazteon espazio bakarra. Beste aldetik, despolitizazioa eta ideia atzerakoien gorakada somatzen dugu". Gaztetxe berria, hain zuzen ere, horri guztiari kontra egitera dator. 

"Urte guztia daroagu hainbat ekintza aurrera eramaten; kirol eskaintza, irakurketa taldea, gabon egitaraua, formakuntzak... Herri eta gazteon antolakuntza izetzeko gaitasuna dugu, eta argi dago Gaztetxe barik ere aurrera botatzeko indarra dugula", azpimarratu dute. "Hori guztia sendotzeko tresna" izango da espazio berria, eta "orain arte asanbladatik egindako lanaren bide-orria jarraitzen du". Eta sakondu dute: "Gaztetxea herriko gazteak antolatzeko, elkartzeko eta eztabaidatzeko leku moduan aldarrikatu nahi dugu, lehen lerroan jarriz gazteon benetako interesak. Denbora gehiegi pasatu dugu Gaztetxe barik herrian". Muguruko fabrika zaharrak urteak daramatza hutsik, eta "guk antolaturiko tresna eta ekintzen bitartez bizi berri bat emango" dio Gazte Asanbladak.

Gaztetxeen loraldia

"Galdakaoko Gaztetxea Euskal Herrian izaten ari den loraldi baten barne jaio da", erreibindikatu du Izetuk. Izan ere, martxoaren amaieran bertan aurkeztu zuen Gaztetxe berri bat Azkoitiko Gazte Asanbladak, eta espazioari eusten diote oraindik. Azken urtean, gainera, beste hainbat Gaztetxeren irekieraren berri eman dute Euskal Herrian, hala nola Txantrean (Iruñerria, Nafarroa), Durangon (Bizkaia) edo Gernikan (Bizkaia). "Gure espazioa lortzeko grina ez dator bakarrik herriko gabeziagatik, baizik eta inguruko asanbladen bizipenengatik", esan dute Galdakaoko kideek.

Egitarauekin hasi dira

Galdakaoko Gaztetxe berrian egitarauak antolatzeari ekin diote jada. Bart musika-emanaldiak izan dituzte bertan, eta gaur, eguerdiko 12:00etan jarraituko dute hitzorduekin: auzolana, bazkaria, asanblada 18:00etan, ping-pong saioa... "Eraiki dezagun denon artean gure Gaztetxea", egin dute dei Izetutik: "Denon esku uzten dugu eraikin honi bizi berri bat ematea. Bihur dezagun gure espazioa herriko gazteen ideien loraldia".