Gaztetxe berria Azkoitian

Gaztetxe berri batek ireki ditu ateak Euskal Herrian, Azkoitian (Gipuzkoa) oraingoan. Bere garaian Lidl denda izandakoa okupatu du Azkoitiko Gazte Asanbladak, Gaztetxe bilakatzeko eta "herriko gazteentzat antolakuntzarako, sormenerako eta ekimen sozial zein kulturaletarako espazio berri bat martxan jartzeko". Eta gaineratu du: "Pauso hau ez da bat-bateko erabakia, baizik eta zazpi urteko ibilbidearen ondorioa". Izan ere, denbora horretan guztian, "herriko gazteek behin eta berriz mahaigaineratu dute gazteon topagune izateko eta antolakuntzarako espazio propio baten beharra".

Gaur, ostegunez, 18:00etan izan da Gaztetxe berriaren irekiera. 19:00etan egingo dute brindisa, 20:30ean afaria, eta 21:30ean kontzertu akustiko bat. Igandera arteko egitarau bat antolatu dute, dena den: ostiral eta larunbat goizean auzolanak egingo dituzte 10:00etan hasita, eta jolasak, afariak, kontzertuak eta bestelako ekimenak ere prestatu dituzte bertan. Igandean arratsaldeko 16:00etan izango da auzolana, eta horren ondoren batzar zabal bat egingo dute, 18:00etan.

Asanbladaren azken urteetako jardun nekaezina

Azken zazpi urteetan, ekimen ugari antolatu ditu herrian Azkoitiko Gazte Asanbladak: kirol-asteburuak, Palestinaren aldeko egitarauak, bertso-afariak, hitzaldi-zikloak eta kontzertuak. "Ekimen horiek guztiek erakutsi dute gazteon antolakuntza bizirik dagoela eta herrian eragiteko gaitasuna baduela", azaldu dute bertako kideek.

Uste dute "gaur egungo testuinguru sozial eta politikoak are argiago uzten duela antolakuntzarako espazio independenteen beharra", eta "tokian tokiko ondorio zuzenak" dituztela "mundu mailako gatazka, zapalkuntza eta ziurgabetasun egoerek": "Etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, gazteentzako espazio falta, lan-baldintza prekarioak, diskurtso arrazista eta matxisten presentzia gero eta handiagoa...". Horiek horrela, asanbladak nabarmendu du "antolakuntza ez dela aukera bat, baizik eta behar bat"; eta borrokarako "tresna kolektibo" bat izango da Gaztetxe berria.

"Ez da soilik espazio fisiko bat izango"

"Gaztetxea ez da soilik espazio fisiko bat izango, baizik eta kultura, eztabaida, sormena, formakuntza eta borroka politikoa uztartuko dituen topagunea", sakondu dute Azkoitiko kideek. Bertan ez dute onartuko "eraso matxistarik, LGTBIfoborik, arrazakeriarik edo bestelako zapalkuntzarik"; eta "kontzertuak, hitzaldiak, tailerrak, formakuntza-saioak eta bestelako ekimen kultural zein sozialak" antolatuko dituzte. "Hau Azkoitiko Gaztetxearen hasiera besterik ez da", azaldu dute gaur.