AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/03/11 09:26

Prozesu Sozialistan pauso bat gehiago emanda, antolakunde berri bat aurkeztu dute lurralde ugaritako gazte militanteek: Coordinadora Juvenil Socialista (CJS). "Gure etorkizunari aurre egiteko bide posible bakarra sozialismoarena dela ziur izanda hartu dugu erabakia", azaldu dute CJSko kideek, antolakunde berriaren sorrerari buruz.

"Kapitalismoa krisi sakonean dagoen une batean egin behar diogu aurre zeregin honi", jarri dute testuinguruan: "Gure soldatak arpilatzeaz gain, baldintza negargarriak dituzten lanak emateaz gain eta gure etxeetatik botatzeaz gain, gure planeta suntsitzen dute, gerrak areagotzen dituzte eta ehunka langile hiltzen dituzte euren mugetan".

CJSk nabarmendu duenez, "larria" da egoera, eta "ezin da minuturik galdu alternatiba faltsuak elikatzen". Salatu duenez, "politikari profesionalek eta ezkerreko alderdiek, edozein koloretakoak izanda ere, ez dute ezer eskaintzeko gure klaseari, erronka horiei aurre egiteko". "Arazoaren parte dira, eta ez konponbidearen parte", gaineratu du.

Independentzia politikoaren bidea

"Guretzat irtenbide bakarra independentzia politikoaren bidean aurrera egitea da", aldarrikatu du CJSk: "Errealitate horretatik sortu da CJS. Borroka sozialisten eta gure aurretik ehunka militantek euren bizkar gainean jarritako konbikzio iraultzailearen oinordekoa da". Antolakunde berriak azaldu du "gazteria langilearentzat tresna izateko" jaio dela; alegia, "kultura berri bat sortzeko", oinarritzat izango dituena "lan militantea, klase-elkartasuna eta internazionalismoa".

Beste lurralde batzuetako lana eredu

Aurkezpen ekitaldian jakinarazi dute "itxaropenez" erreparatzen dietela beste lurralde batzuetan "joera sozialistak izan dituen garapenari eta indartzeari": lurralde horiek "borroka-eredu" direla eta CJSren "sorrera inspiratu" dutela nabarmendu dute. "Miseria garaian, duintasun distirak izan dira. Duintasun hori langile-klasearen indar politikoa da, eta ezin da diruz erosi edo saldu", diote.

"Orain, guri dagokigu gure lurraldeetan aurrerapauso hori ematea; gure klasea menpean egotea betikotzen duten kausa desberdinei aurre egitea, gure etsaiak seinalatuz eta borrokatuz, eta aurrean ditugun erronka guztiei erantzuteko modu bakarra antolaketa politikoa dela erakutsiz", adierazi dute CJSko kideek.

EZ DAGO IRUZKINIK