ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/26 15:30

Gasteizen (Araba) epaitu dute gaur gazte bat, 2024ko martxoaren 30ean gazteen emantzipatzeko eskubidearen alde izan zen mobilizazioaren harira. Alde Zaharrean bukatu zen Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) antolatutako manifestazio hori, eta hainbat gaztek gau horretan jakinarazi zuten etxebizitza-bloke bat hartu zutela Arkupean, emantzipatzeko ezintasuna salatzeko. Gauerdian eraikinaren kanpoaldean zeuden dozenaka gazteen aurka kargatu zuen Ertzaintzak, eta bertan atxilotu zuten gaur epaitua izan den pertsona.

Goizeko 09:15ean hasi da epaiketa, eta ordurako, hainbat pertsona elkarretaratu dira epaitegiaren parean, Kriminalizaziorik ez! Emantzipatzeko ezintasunaren aurka borrokatu aldarritzat hartuta. Fiskaltzak "agintaritzaren aurrean erresistentzia" egitea eta "lesio-delitu arinak" eragitea egozten dio gazteari, baita horiengatiko erantzukizun zibila eskatu ere. Epailearen ebazpenaren zain geratu dira aldeak.

Ertzaintzaren karga gogorrak 

Martxoaren 30etik 31rako gauean, Ertzaintzak modu bortitzean jipoitu zituen Arkupearen kanpoaldean zeuden gazteak. Emantzipatzeko eskubidea aldarrikatzeko asmoz eraikina hartu zuten pertsonei elkartasuna adierazten ari ziren, baina indarrez eta borra-kolpeka kanporatu zituen handik Poliziak.

Etxearen kanpoko aldean zeuden gazteak bota ostean, Ertzaintzak ez zuen okupatutako eraikinean esku hartu. Beraz, elkartasuna adierazteko Arkupe inguruan zegoen jendearen aurkako operazio polizial bat soilik izan zen.

Gaur epaitua izan den pertsona, hain zuzen ere, karga horien bukaeran atxilotu zuten ertzainek. Hainbat agenteren artean zokoratu eta lurrera bota ondoren, atxilo eraman zuten.

NO HAY COMENTARIOS