ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Omar Al-Qattaa/AFP/Getty Images
2025/09/25 11:31

Gazako Zerrendaren %90 ia erabat suntsituta dago jada, Israelgo Estatuko okupazio-indarrek bi urtez setioa, bonbardaketak, desplazamendu behartuak eta lurreko inbasioa ezarri ostean, Al-Quds egunkariak bildutako datu ofizialen arabera. Zuzeneko galerak 68.000 milioi dolarretik gorakoak izan daitezke, eta etxebizitzak, ospitaleak, eskolak, sare elektrikoak, errepideak eta nekazaritza-lurrak txikitu dituzte. Estatu kolonialak Gazako lurren %80tan baino gehiagotan ditu hedatuta bere tropak, eta sarbideak ixten eta ofizialki "segurutzat" jotako guneei erasotzen jarraitzen du. Al-Mawasi da horren adibide, lehergailuz egindako 109 bat erasoaldi jaso baititu dagoeneko.

Ondorio humanitarioak larriak dira: hildako pertsonen kopurua gutxienez 68.000 pertsonakoa da, horien artean 18.000 haur baino gehiago, nahiz eta milaka eta milaka desagertu dauden hondakinen azpian edo haien gorpuak erabat txikitu dituzten, eta horrek zaildu egiten du hilotzak bereiztea. Dokumentatutako 15.000 aire-eraso handi ekarri ditu setioak, eta horien bidez 2.700 familia baino gehiago erabat akabatu dituzte. Gutxienez 376 pertsona hil dira estatu sionistak eragindako goseagatik, eta zaurituak 162.000 baino gehiago dira, anputazio eta ezintasun oso larriekin; aldiz, osasun-kolapsoa larriagotu egin da, 38 ospitale eta 96 osasun-zentro bonbardatu edo suntsitu dituztelako. Datu horiek guztiak gorabehera, suntsipenetik ondorioztatzen diren zifrak oso goiztiarrak dira oraindik; izan ere, pertsona asko desagertuta daude eta egoerak gertaerak behar bezala erregistratzea eragozten du.

Hezkuntzari dagokionez, eskolen %95 kaltetu dituzte, eta %90ek berreraikuntza osoa edo partziala behar dute. Bonbardaketetan 13.500 ikasle eta 830 irakasle baino gehiago hil dituzte. Gurtza-lekuak, hilerriak eta orotariko erakundeak txikitu ditu Israelek, eta gorpuak arpilatu edo ospitaleetan hobi komunak sortu dituzte. Goseak 650.000 haurri eragiten die gaur-gaurkoz; okupazio sionistak, dena den, elikagaien eta bestelako laguntza humanitarioaren sarrera blokeatzen du. Ondorioz, premiazko ebakuazioak eragozten ditu; baita haurrentzako esnea, ur geza eta oinarrizko botikak bezalako tratamenduetarako sarbidea ere.

Nekazaritza- eta abeltzaintza-sektoreak 2.800 milioi dolarretik gorako galera zuzenak izan ditu, landu daitezkeen lurren %94 eta berotegien %85 suntsituak izan ondoren. Urteko ekoizpena 405.000 tona barazkitik 28.000ra jaitsi da, eta abeltzaintza-etxe guztiak eta arrantza-sektorea suntsituta geratu dira.

Gazako 2,2 milioi biztanle baino gehiago ebakuazio masiboaren eta epidemia infekziosoen pean inguratuta bizi dira, eta okupazio militarrak duintasun, biziraupen eta berreraikitze aukera oro deuseztatzen du, "nazioarteko komunitatea" deitutakoaren isiltasun konplizearen aurrean; ez baitu aurreikusten genoziden aurkako ekintza militarrak hartzea, ezta hipotesi huts gisa ere.

NO HAY COMENTARIOS