ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Gasteiz Hoy
2025/12/19 12:35

Aste osoan zehar lan-txanda bakoitzean ordubeteko lanuzteak egin ostean, Mercedesek Gasteizen (Araba) daukan fabrikako langileek manifestazio jendetsu bat egin zuten atzo arratsaldean, Aski da! lelopean. 700 bat behargin mobilizatu ziren lantegiaren kanpoaldean, lan-baldintzen kaskartzea seinalatzeko eta enpresako zuzendaritzari exijitzeko "akordioak bete" ditzala.

Langile-batzordeak (ELA, LAB, ESK) egin zuen deialdia, eta gainerako sindikatuei (CCOO, UGT, Ekintza, PIM) leporatu die plantillari bizkarra emanez sinatu izana azken hitzarmena, lan-baldintzek okerrera egiteari bide eginez gainera. Dena den, langile-batzordeak salatu duenez, itun horren ondoren hainbat konpromiso sinatu zituen enpresak plantillarekiko, eta ez da horiek betetzen ari.

Besteak beste "langileen osasuna kontuan izan" dezala exijitu diote zuzendaritzari, "azken egunean eta azken orduan" osatu baitu Osalanek duela ia hiru urte agindu zion "balorazio psikosoziala". Beste urraketa bat Aldi Baterako Laneko Enpresei (ETT gazteleraz) lotutakoa da, izan ere, enpresak hitzeman zuen enpresa horien bidez kontratatutako langileek gainerakoen baldintza berdinak izango zituztela, eta ez da hala. Horrez gain, langileei bederatzigarren ordu bat gehitu zieten lanaldian hitzarmenaren bidez, eta langile-batzordeak salatu du beharginen osasuna kaltetzea eta bajak areagotzea ekarri duela horrek. Eta bestalde, atseden falta ere nabarmendu du: "Enpresak ez ditu bitartekoak jartzen jendeak, aste batean 45 orduz eta beste batean 53 orduz lan egin ondoren, atseden hartzeko aukera izan dezan".

Hurrengo urtean iraungiko da indarrean den hitzarmena, eta 2026aren amaieran berritu beharko dituzte baldintzak. Ikusteke dago, beraz, zein bide hartuko duen balizko negoziazioak datorren urtarriletik aurrera.

NO HAY COMENTARIOS