Gasteizko (Araba) Mercedesek aldi baterako kontratatuak dituzten 500 behargin inguru kaleratzeko asmoa berretsi du, bertako langileen batzordeak aldi baterako erregulazio txostenak eskatu arren. Beharginek behin eta berriz galdeginda ere, hark aldiro errefusatu du aukera hori. Hala, "COVID-19ak eragindako pandemiaren hasieran hartutako konpromisoak ez betetzea" leporatu diote patronalari. Horren ordez, "bere nahimen propioak inposatu" eta "mehatxua tresnatzat" baliatzen duela salatu dute.
Enpresak joan den asteartean eman zuen kaleratzeen berri,
kaltetuen kopuru zehatza oraindik airean zela. Sindikatuek azaldu
dutenez, 500 inguru izango lirateke neurriak kolpatuko dituenak.
Lantegiak 5.000 behargin ditu soldatapean orotara, eta beste 30.000, berriz, zeharka lotuta.
Langileek gogora ekarri dute enpresak martxoan eurekin sinatutako akordioaren funtsa: pandemiaren koiunturan bigarrengoz aldi baterako erregulaziorako txostenetara joko balu, aurrekoaren baldintza berdinak ezarriko lituzkeela, alegia. "Enpresak erabaki du bere konpromisoa ez betetzea, seguruenik errentagarriagoa delako behin-behinekoen kolektiboa kalean uztea, langile guztiei hamar eguneko erregulazio espedientea aplikatzea baino, bete gabeko akordioak dioen bezala, soldata gordinaren %80 konpentsatuz", salatu dute soldatapekoek.
ZIURGABETASUNA VOLKSWAGENEN
Nafarroako Volkswagengo zuzendaritzak, aldiz, enplegu erregulazio
txostena berriz ezartzea aurreikusi du. Sindikatuetako iturriek Berria egunkariari azaldu diotenez, litekeena da Landabengo
(Nafarroa) lantegiko zuzendaritza hilabete honetatik aurrera zenbait
lan-txanda kentzen hastea. Dena den, oraindik zalantzak dira nagusi
Landabenen, gaur-gaurkoz zuzendaritzak ez baitu zehaztu neurriaren iraupena, ezta neurriak barne hartuko duen langileen kopurua ere.