Erasotzaileen inpunitateari ez! IDrten erasoen aurrean antolatu lelopean, elkarretaratze bat izan zen atzo Gasteizko (Araba) IDarte eskolan, Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak eta Ikasle Abertzaleak antolakundeak deituta. Gasteizko arte eta diseinu eskolako irakasle batek urteak daramatza jarrera erasokorrak izaten; jakinarazi dutenez, eskolako hainbat pertsona jazarri ditu azken sei urteetan, gutxienez. Horren harira jo dute protestara ikasleek, Itaiaren eta IAren eskutik.
Salatu dute ez IDarte eskola publikoko zuzendaritzak ez Eusko Jaurlaritzak ez dutela neurririk hartu irakasle horrek jazarri dituen eta jazar zitzakeen pertsonak babesteko. "Horrek instituzioen eta alderdien fartsa berriz ere agerian uzten digu. Hezkidetza ikastaroen zein politika feministen atzean, ez dago erantzun errealik ikasle zein emakume langileontzat", esan du Itaiak. Beraz, aldarrikatu du beharrezkoa dela modu propioan antolatzea eta "indarkeria mota guztiei aurre egiteko tresna propioak eraikitzea".
Hainbat astez jardun dute lanean IDarteko ikasleek, Itaiak eta IAk, eskolako irakasle horrek egindako erasoen kontra, eta erasotzaileen inpunitatearen kontra. Horren ostean jo zuten protestara atzo, eta borrokan jarraituko dutela azaldu zuten.