ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / EFE
2023/01/19 12:17
Comisiones Obreras (CCOO) sindikatuko langileek beren sindikatuaren aurkako grebari ekin diote Galizian. Zentral sindikalak soldatapean dituen 51 langilek greba mugagabe batera deitu dute urtarrilaren 23tik aurrera, bederatzi urtez hitzarmena blokeatuta egon ondoren. Soldata-hobekuntzak eskatuko dituzte grebaldiaren bidez; izan ere, une honetan, hilean 80 euroko aldea dago batez beste, greba batzordearen eskaeraren eta zuzendaritzaren proposamenaren artean. "Sindikatuak langile guztientzat eskatzen duena da eskatzen duguna", adierazi dute grebalariek.  "Enpresarik zitalenarekin" konparatu dute CCOOko zuzendaritza.
 
Grebalarien bozeramaileak zehaztu duenez, soldaten izozteak 2010ean hasi ziren aplikatzen, eta 2014an osoki sartu ziren indarrean. Langileek proposatzen duten hitzarmen berriak 2024ra arte iraungo luke, eta "gutxieneko soldata eguneratzea" eskatzen diote sindikatuaren zuzendaritza galiziarrari, erosahalmena "modu basatian" galdu ostean. Horretarako, igoera %2 eta %3,5 artekoa izango litzateke, urtearen arabera. CCOOk 2023an eta 2024an Espainiako Estatuko gainerako langileentzat planteatzen duen kopuru bera litzateke. Hala ere, sindikatuko buruzagien azken eskaintzak zifra txikiagoak mahaigaineratu zituen.

Negoziazio saiakerak

Duela urtebete hasi ziren hitzarmen kolektiboa berritzeko elkarrizketak. Grebalariek salatu dutenez, CCOOko zuzendaritzak "negoziaziorako eta erabakitzeko eskumenik ez zuten bi langile" bidali zituen haiekin hitz egitera. Ondorioz, CCOOk azken lan erreforman babestutako "bitartekaritza" eskatu zuten langileek; sindikatuak, paradoxikoki, uko egin zion.

Harremana tenkatzen ari zela ikusita, Lan Harremanen Galiziako Kontseiluak gatazkan esku hartu zuen, sindikatua bere langileekin negoziatzera bultzatzeko. Orduan ere, CCOOko zuzendaritzak ez zuen jaramonik egin. Behin bide guztiak agortuta, greba mugagabera jo dute erakundeko langileek, sindikatuaren historian lehendabizikoz. CCOOko langileek ziurtatu dutenez, "sindikatuaren poltsa prest dago eskari horiei erantzuteko". Sindikatua, ordea, "beste gauza batzuei begira" dagoela salatu dute: "zorra ordaintzeari" edo "200.000 euroko obrak kolpetik ordaintzeari", adibidez.

Barne-gatazka

Greba honek CCOOko burokrazia zeharkatu du, bere egiturazko miseriak erakutsiz. Hasteko, grebalariak ez dira langile soilak, aparatuko tokian tokiko kideak baizik: 20 urteko antzinatasuna dute batez beste, eta afiliatu zein ordezkari sindikalak dira. Bestetik, kasu honek erakusten duenez, CCOO berak aldarrikatzen dituen lan-baldintzak urratzen ditu barne-mailan. Grebalariek ohartarazi dutenez, "gatazka enpresa arrunt batean piztu balitz, kuotak ordaintzen dituzten sindikatuko buruzagien babesa eta aholkularitza" jasoko lukete. Ez da kasua, ordea: "kritikatu eta ezbaian jartzen gaituzte".

CCOOren estatu mailako zuzendaritzari ere laguntza eskatu diote; Unai Sordo idazkari nagusiari eta bere batzorde exekutiboko kideei, zehazki. Ez dute erantzunik jaso, ordea. Gainera, sindikatuaren zuzendaritzako kideen soldaten inguruko informaziora "sarbiderik ez dutela" salatu dute, bai eta euren dietak zein autoak "erabateko sekretua" direla ere.

NO HAY COMENTARIOS