ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/10/12 11:58
Frantziako Gobernua neurri autoritarioak ezartzeko prest azaldu da petrolio findegietako langileek duela bi aste abiatutako greba indargabetzeko. Elisabeth Borne Lehen ministroak eskirolen mobilizazioa iragarri du astearte honetan Esso-ExxonMobileko biltegiak berriro irekitzeko helburuarekin. Mehatxuen arabera, gauza bera egin dezakete Total Energiesen instalazioetan.

Grebak erregai eskasia eragin du Frantziako Estatuko gasolindegien heren batean. Parisko eskualdean, gasolindegien %44 hornidurarik gabe uztea lortu dute beharginek. Joan den asteburuan ilaren eta auto-gidarien arteko liskarren irudiak ikusi dira sare sozialetan, deposituak betetzea ezinezkoa bihurtu baitzen hainbat eskualdetan. Krisia sutu daitekeela ikusita, Emmanuel Macron presidentearen gobernuak grebarako eskubidea etengo du.

Frantziako Estatuan, legez, "interes komunak" justifika dezake grebak bertan behera utzi eta "ondasun eta zerbitzuen eta horiek funtzionatzeko behar diren langileen esku-hartzea kontratatzea". Ondorioz, COVID-19aren pandemia sasoian ikusi zen bezala, agintaritza politikoak grebak hautsi eta eskirolak errekrutatu ditzake edozein hornidura bermatzeko. 2010ean, Nicolas Sarkozy presidente zela, gobernuak indar errepresiboetara jo zuen findegietako blokeoa hausteko.

Ipar Euskal Herrian

Grebaren eragina Ipar Euskal Herrian ere antzeman da. Atzo, adibidez, Bidarteko (Lapurdi) A-63 autobideko gasolindegia blokeatu zuten, findegietako langileekin elkartasunez. Arratsalderako bertan behera geratu zen lanuztea; soldatetan zein lan-baldintza orokorretan "hainbat hobekuntza" lortu dituzte, antza.

Gerra-adierazpenak

Bruno Le Maire Ekonomia eta Finantza ministroak France Info hedabidean azaldu duenez, "negoziazio bidezko berehalako desblokeoa da irtenbide bakarra". Eta mehatxu argia jaurti die grebalariei: "hornidura erabat blokeatzen badute, beharrezkoak diren bitarteko guztiak baliatu beharko ditugu deposituak askatu eta iragaztegiak martxan jartzeko". Emmanuel Lepine CGT sindikatuko petrolioaren federazioko idazkari nagusia ez dago txantxetarako, eta hordagoa jaurti die ministroari eta eskirolei: "gerra ekarriko luke horrek. Zorte ona opa diet poliziei edo findegia martxan jartzera datorren beste edonori".

Frantziako Estatuak Europan dituen zazpi petrolio iragaztegietatik bost geldiarazi dituzte, hiru Total Energies enpresarenak, eta beste bi Esso-ExxonMobilenak. Azken horretako sindikatu nagusiek (CFDT eta CFE-CGC) akordio bat sinatu zuten enpresarekin astelehenean, baina CGT eta Force Ouvrièrek grebarekin jarraitzea erabaki zuten. Aitzakia horrekin, Esso-ExxonMobileko deposituen irekiera behartu zuen gobernuak astelehenean, langile ugari oraindik greban egon arren.

Egoera gogorragoa da Total Energiesen, akordioa oraindik urrun baitago. CGT sindikatuak %10eko soldata igoera exijitzen du, 7% inflazioagatik eta %3 enpresak erregaien prezioen goradakari esker lortutako ezohiko irabazien ordainsari gisa. Total Energiesek iritzi publikoa bere alde jartzeko maniobra bat abiatu du, Frantziako Estatuko findegietan lan egiten duten beharginen batez besteko soldata 5.000 eurokoa dela zabalduta. Langileek zurrumurrua gezurtatu dute.

Tentsio soziala

Gobernuak erregaia bidoietan jasotzea debekatu du dagoeneko, auto-gidarien joera horrek egoera okerragotu dezakeela espero baitute. Dena den, hornidura-blokeoa luzatzen bada, grebalarien, petrolio enpresen zein Eliseoen gain jausi daiteke haserrea.

Jaka Horien esperientziaren ostean, gobernuak ez ditu gehiegi haserretu nahi lanera joateko autoa egunero erabili behar duten langileak. Garraio publiko urria dagoen zonaldeetako biztanle horiek izan ohi dira erregaien prezioaren igoeraren lehen kaltetuak. Ondorioz, kosta ahala kosta saihestu nahi dute grebalarien aldarrikapenek sektore horien babesa lortzea, eta horretara dator greba eskubidearen urraketa eta intoxikazio mediatikoa.

Sektore estrategikoetako grebek eta Jaka Horiena bezalako protesta zikloek ezegonkortu ohi dute gehien Frantziako Estatua, auzo periferikoetako proletalgo migrantearen matxinadekin batera. Banlieue deituriko auzoetako egoerari dagokionez, iazko maiatzean gutun anonimo bat argitaratu zuten hainbat militarrek hedabide ultraeskuindar batean. "Gerra zibilaren arriskuaz" ohartarazten zituzten agintari politikoak, funtsezko arazoa "Frantziaren eta islamismoaren arteko gatazka" zela esanez. "Berriz ere, gerra zibilaren taupadak sumatzen dira Frantzian, eta zuek badakizue", ohartarazi zieten politikariei.

NO HAY COMENTARIOS