Aurreko ostiralean, Madrilgo bihotzean mobilizatu ziren faxista ugari, Espainiako Falangeak deituta. Immigrazioaren kontra egin zuten protesta hiriko kaleetan barrena, Espainiako banderak hartuta, eta Europako hamaika faxista taldek eurenganatu duten aldarri batekin: Birmigrazioa (Remigración, gazteleraz). Antolatzaileek harrokeriaz adierazi dutenez, "jatorri immigranteko pertsonaz betetako" tokietatik igaro ziren, probokazio eta mehatxu modura.
Aldarri horrekin, pertsona migratzaileak kanporatzea eskatzen ari dira. Pankartan margotuta ageri zen hegazkinak ere hala iradokitzen zuen. "Hemen ez da Afrika osoa kabitzen", esan zuen aurreko astelehenean Jesús Muñoz falangistak Informa Radio irratsaioan.
Faxistek inpunitate osoz zabaldu zituzten euren aldarri arrazistak Madrilgo karriketan, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak mobilizazioa baimendu baitzuen. Falangeak aurrez jakinarazi zuen manifestazioa egiteko baimen legala lortu zuela, bere sare sozialetan. Baimena eskatzean, ondoko leloa aurkeztu zuten falangistek, zeina ontzat eman zuen gobernu-ordezkaritzak: "Migrazio-politikaren kontra, irtenbide bakarra birmigrazioa".
Faxisten topaleku, eta beste hitzordu bat azarorako
Itxura denez, hainbat kolektibo faxista batu ziren ostiraleko manifestaziora, agintaritzek hala ahalbidetuta. Esaterako, badirudi Facta bertan izan zela, Carlos San Frutos buru duen talde faxista. Democracia Nacionalek (DN) ere babestu zuen deialdia.
DNk, gainera, gobernuak baimendutako beste deialdi faxista bat egin du Madrilen: azaroaren 2rako antolatu du protesta bat, PSOEren egoitza aurrean, Ferraz kalean. Antza denez, deportazio masiboak aldarrikatuko dituzte bertan.
"Ius sanguinis-a defendatu behar da hemen; odol-eskubidea", azaldu izan du Pedro Chaparro buruetako batek. DNko kideek pertsona immigranteentzako kontzentrazio-esparruak exijitzen dituzte, besteak beste.