ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Baionan 2023ko maiatzean egindako manifestazioa, NATOren eta gerraren kontra.
2024/06/23 19:42

Mobilizazio deialdi bat egin du Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak hurrengo astebururako, ekainaren 29rako. Faxismoari aurre egitera deitzeko, eta kapitalismoaren eta gerraren kontra, manifestazio bat egingo du Baionan (Lapurdi). 20:00etan hasiko da mobilizazioa, Herriko Etxe aurretik.

Faxismoaren gorakadak eta faxismoaren aurkako borrokak hainbeste eztabaida ireki dituzten honetan, bilkura ireki batera ere deitu zuen Kontseilu Sozialistak aurreko astean, Baionan bertan. Horren ostean eman du argitara hilaren 29ko mobilizazio deialdia. Kontseilu Sozialistako kideen esanetan, "ultra-eskuinaren gorakadaren aitzinean, antifaxismoa hauteskunde eta instituzioen logikatik at antolatzeko beharra" aldarrikatuko dute manifestazioan.

Izan ere, "hauteskundeetatik harago joan beharko lukeen antifaxismo baten beharrari" egin diote azpimarra, iritzita berdina gertatzen dela boz guztietan: "Eskuin muturra oztopatu beharrean gara. Eta hauteskundez hauteskunde, faxismoaren kontra deus gutxi egiten duten politikariak bata bestea baino mozorro antifaxistagoarekin agertzen zaizkigu. Hauteskundez hauteskunde baina, eskuin muturra are indartsuago itzultzen da". Hori dela-eta, galdera bat atera dute mahaira: "Nork geldiaraz dezake faxismoa?".

Bloke liberala, Fronte Popular Berria eta RN

"Macronek zuzenduriko bloke liberal autoritarioak behintzat ez", hasi dira erantzuten: "Proletalgoaren kontrako ofentsiba eta gerla inperialista izan dira azken urteetan haren politikaren ardatza. Horrek faxismoa indartzeko testuinguru aproposa sortu du". Macronen gobernuak, "estatuaren militarizazio- nahiz faxistizazio-prozesuarekin nahikoa ez", eta "faxismoari ateak zabal-zabalik utzi" dizkiola seinalatu du Kontseilu Sozialistak.

Fronte Popular Berriaren ahalmena ere zalantzan jarri du: "Krisitik aterako gaituen proiektu apurtzaile eta progresista baten eramaile gisara aurkezten badira ere, zer pentsa dezakegu Ukrainan eskalada militarista eta Frantziaren berrarmatzea babesten dituen [...] fronte batez? Zer pentsa dezakegu austeritate-politikak inposatzen dituen Europar Batasuna baldintzarik gabe babesten duen eta ortzi-muga bakar gisa birbanaketa-politika kapitalistak dituen fronte batez?". Kontseilu Sozialistako kideek ohartarazi dute, gainera, "ezker instituzionalaren promesa hautetsiek sortzen duten kexua" dela "faxismoaren hauspoa".

Bestalde, Rassemblement National (RN) bera ere guztiz gaitzetsi dute: "Alderdi guztiek sortzen duten mesfidantza hain da handia, gizartearen parte batek RN alderdian ikusi duela bere egoera hobetuko duen alternatiba". Kontseilu Sozialistaren ustez, baina, "ikuskera hori ezin daiteke okerrago egon": "RNk ez du oligarkia finantzarioaren bide-orritik kanpoko programa alternatiborik. Gerla, austeritatea eta askatasun politiko eza ez besterik". Horretaz gain, nabarmendu du eskuin muturrak "migratzaileen eta militante politikoen kontrako salbuespeneko politikak zorroztuko" dituela.

Gerlaren eta kapitalismoaren kontra

Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak argitu du ezin dela faxismoa suntsitu, "berau posible egiten duten baldintza objektiboak suntsitzen ez badira, hau da, kapitalismoa suntsitzen ez bada". "Faxismoa den fenomeno integralari aurre egiteko, ezinbestekoa da mugimendu integral bat antolatzea, faxismoaren adierazpen guztiei aurre egiteaz gain, alternatiba erreal bat proposatzeko gai izango dena", gaineratu du.

Azpimarratu duenez, "antifaxismo horrek, alderdi komunista handien antolakuntzaren bidez borroka antifaxista hegemonia komunistaren aldeko borrokarekin artikulatu beharko du"; "azken finean, sozialismoa baita aberastasuna eta askatasuna denon ondare izanen dituen zibilizazioa, eta faxismoa berpizten duten baldintzak suntsitu ditzakeen proiektua".

Irakurri hemen Ipar Euskal Herriko hainbat militantek GEDAR LANGILE KAZETAri igorritako kolaborazio-testua, Frantziako Estatuko Fronte Popular Berriaren sorreraz, antifaxismoaz eta abarrez: Argi-iluneko munstroak.

NO HAY COMENTARIOS