ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/30 19:20

Vito Quiles agitatzaile faxistak gaur egin nahi zuen agerraldi bat Iruñean (Nafarroa), hainbat unibertsitatetan egiten ari den probokazio-biraren barruan. Opusen unibertsitatean bisita bat egingo zuela iragarri zuen, baina indartsua izan da faxismoaren aurkako erantzuna: margoketaz josita agertu dira Iturramako hormak, eta kontramobilizazio antifaxista bat antolatu zuten arratsaldeko 17:30erako, Komunikazio Fakultatearen aurrean.

Erantzun antolatu horren ondorioz, Quilesek atzera egin behar izan du. 16:30ak igarota eman du horren berri X sare sozialean: aitzakiatzat jarri du Espainiako Poliziak esan omen diola ezin zuela Iruñean bere "segurtasuna bermatu", eta ekitaldia bertan behera uztea erabaki du. El País-en esanetan, ordea, Espainiako Gobernuak Nafarroan daukan ordezkaritzak ukatu egin du Poliziak Quilesi ustezko abisu hori eman dionik. Dena dela, hutsik geratu da probokatzaileak bete nahi zuen plaza.

Hainbat egun dira jada Quilesek jakinarazi zuela Nafarroako Unibertsitatera hurbilduko zela. Kontramobilizazio bat zabaldu arte, ordea, ez zuen esku hartu unibertsitateko zuzendaritzak: gerora esan zuen ez zuela agitatzaile faxistaren ekitaldia baimenduko. Deialdia mantenduko zuela aldarrikatu zuen Quilesek, baina azkenean, ez da bisita publikoa egitera ausartu.

Hamar probokatzaileren bisita, eta kargak antifaxisten aurka

Quilesen bisita bertan behera geratu den arren, hamar bat probokatzaile faxista bildu dira Opusen unibertsitatean, Espainiako banderak hartuta eta "Viva España" oihukatuz, besteak beste. Espainiako Poliziak, gainera, dispositibo handi bat ezarri du campusean eta inguruan; dozena bat furgoneta zeuden bertan arratsaldeko lehen ordurako.

17:30erako zegoen jarrita faxismoaren aurkako deialdia, eta ordurako hurbildu dira ehunka lagun, unibertsitatean zeuden probokatzaileei aurre egiteko prest. Manifestari antifaxisten kontra kargatu du Espainiako Poliziak, piper-gasa botata eta pilotakadaka. Campus osoan zehar entzun dira kargak minutu luzez.

Azkenean, Iturraman barrena sartu dira bai manifestariak bai polizia-indarrak. Bide-mozketak egin dituzte hainbat lagunek, eta kargekin jarraitu dute poliziek, pilotak eta piper-gasa erabilita berriz ere.

NO HAY COMENTARIOS