AKTUALITATEA / Faxismoa
Faxismoaren aurkako aldarriz bete dituzte Iturramako kaleak
Vito Quiles probokatzaile faxista gaur da auzora bertaratzekoa, eta faxismoaren kontra mobilizatzera deitu dute Iruñerrian: 17:30erako egin dute deialdi bat, Opusen unibertsitatean.
2025eko urriaren 30
Faxismoaren aurkako aldarriz bete dituzte Iturramako kaleak

Teorian, Euskal Herrian izango da gaur Vito Quiles. Mezu faxistak zabaltzeko asmoz hainbat unibertsitatetan barrena egiten ari den biraren barruan, esan zuen gaur Iruñeko (Nafarroa) Opusen unibertsitatera bertaratuko dela; Iturrama auzora, alegia. Hori dela-eta, faxismoaren aurkako mezuz bete dute auzoa azken orduetan.

Iturramako kaleetan irakur daitezke, besteak beste, "Faxismoa suntsitu", "Faxismoaren aurrean klase-batasuna", "Faxismoari arnasik ez", "Faxismoa gelditu", "Faxismoaren aurka antolatu", "Faxistak kanpora", "Faxismoaren aurrean antolakuntza komunista", "Arrazakeriari aurre egin diezaiogun", eta abar.

Probokatzaile faxistaren etorreraren harira, gainera, mobilizazio-deialdi bat egin dute Iruñerrian gaur arratsalderako. Faxismoaren kontra, 17:30ean Opusen unibertsitateko Komunikazio Fakultate aurrean biltzera deitu dute, izatez, bertan egongo baita Quiles.