ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Sputnik
2023/07/18 12:05

Igande honetarako, uztailaren 23rako, daude deituta Espainiako Estatuko hauteskunde orokorrak. Horri lotuta, bai eta hauteskunde-kanpaina honetan faxismoaren gorakadari eman dioten zentralitateari lotuta, adierazpen bateratu bat egin dute Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek.

Hauteskunde orokorrak aurreratzearekin, Pedro Sanchez presidentearen asmoa aurreko hauteskundeetan agerian geratu zen "joera bat ahal den neurrian ahultzea" dela uste dute Kontseilu Sozialistek; alegia, "bere gobernu-blokearen gainbehera oposizio politikoaren aurrean". "Ezkerraren eta eskuinaren edo faxismoaren eta antifaxismoaren espektakulu publikotik harago, horren guztiaren atzean dagoen errealitatea bloke instituzionalen arteko lehien, besaulkien eta kapital-blokeen arteko banaketarena da", kritikatu dute.

Faxismoak gora, autoritarismoaren sakontze betean

Kontseilu Sozialistek ohartarazi dute "maila globalean gertatzen ari den errealitate bat" dela faxismoaren gorakada, gaur egun hainbeste entzuten dena: "Krisi kapitalista globalaren ondorioz bere estatusa eta pribilegioak galtzen ari den erdi mailako klasearen zati handi baten eta elite ekonomiko eta politiko batzuen erantzun erreakzionario eta biolento baten aurrean aurkitzen gara". Horren erakusletzat jo dute "azken urteetan eskuin muturreko izendatu diren alderdiek izan duten indartze elektorala".

"Krisi kapitalista globalaren ondorioz bere estatusa eta pribilegioak galtzen ari den erdi mailako klasearen zati handi baten eta elite ekonomiko eta politiko batzuen erantzun erreakzionario eta biolento baten aurrean aurkitzen gara"

Nabarmendu dute, hala ere, "faxismoaren oldarraldia" ez dela "alderdi horietara mugatzen": "Joera beraren baitan ulertzen ditugu, esaterako, desokupazio enpresak, duela aste gutxi Frantzian protestan ari zirenak jipoitzeko antolatu ziren talde faxisten patruilak edo sare sozialetan eta komunikabideetan mundu-ikuspegi bera erreproduzitzen duten iritzi-emaileak". "Gizartearen zati gero eta handiago batengan indartzen ari den zentzu komun faxistaren adibide modura ulertzen ditugu aipatutako adibideak", zehaztu dute Kontseilu Sozialistek.

"Hori guztia, ordea, ez da ezerezetik sortu den zerbait. Oligarkia internazionala bultzatzen ari den eta alderdi politiko guztiak, sozialdemokrazia barne, gauzatzen ari diren Mendebaldeko estatu kapitalisten bilakaera autoritarioaren testuinguruan gertatzen ari da", xehatu dute. Horren adibide modura aipatu dituzte "gero eta lege errepresibo gogorragoak, kontrol mekanismoen normalizazioa, polizia gehiago eta inbertsio militarraren areagotzea". Kontseilu Sozialisten esanetan, "faxismoaren garapenari bidea errazten dio" testuinguru historiko horrek.

"Hori guztia [...] bilakaera autoritarioaren testuinguruan gertatzen ari da [...]. Testuinguru historiko horrek faxismoaren garapenari bidea errazten dio"

Botoa, faxismoari aurre egiteko?

Kontseilu Sozialistek gaitzetsi dute "faxismoa Voxekin amaitzen dela sinetsarazi" nahi dutela ezkerreko alderdiek; "instituzioetatik faxismoari aurre egiteko aukera izan dutenean ezer ere egin ez dutenek", hain zuzen. "Faxismoaren kontra egiteko modurik eraginkorrena ezkerra bozkatzea dela diote, PSOEren gidaritzapean antolatutako gobernua bailitzan langileriarentzat gaitzetan txikiena. Fenomeno globala den klase ertainen bilakaera biolento eta erreakzionarioa boto bidez gelditu daitekeela sinetsarazi nahi digute", ekarri dute testuingurura.

Kontseilu Sozialistek gogorarazi dute, baina, "honezkero frogatuta" dagoela "ezkerreko alderdi horiek bozkatzea ez dela ez faxismoaren ez Voxen aurkako benetako antidotoa". Horren isla modura, azpimarratu dute Vox hazi egin dela "ezkerraren gobernuko lau urteetan".

"Faxismoaren kontra egiteko modurik eraginkorrena ezkerra bozkatzea dela diote, PSOEren gidaritzapean antolatutako gobernua bailitzan langileriarentzat gaitzetan txikiena [...]. Azken lau urteetako gobernuaren politikak kea eta promesa faltsuak saltzean oinarritu dira"

"Faxismoa ofentsiba antiproletarioa sakontzeko dagoela" daukate gogoan Kontseilu Sozialistek; "bai ekonomikoki baita eskubide politikoen esparruan ere". Horregatik azaldu dute, "faxismoaren gorakadak eta balizko eskuin muturraren gobernu batek, gauzak are gehiago zaildu" diezazkiokeela langileriari. "Hala ere, hobe luke ezkerreko koalizioak autokritika egingo balu, azken lau urteetako gobernuaren politikak kea eta promesa faltsuak saltzean oinarritu dira eta", seinalatu dute Kontseilu Sozialistek.

Historiako gobernurik aurrerakoienaren kea

Horren adibide modura oroitarazi dute, adibidez, "lan-erreforma berrian PPren lan-erreformaren alderdirik gogorrenak bere horretan mantendu" dituela koalizio gobernuak, edota, azken Etxebizitza Legearekin, ez dituela etxegabetzeak geratu edota ez dizkiela alokairuei benetako mugak jarri.

"Bitartean, soldatek balioa galdu dute etengabe, langileon grebak poliziaren biolentziarekin isilarazi dituzte, polizia mugimendu sozialetan infiltratzea baimendu dute, Desokupa eta antzeko enpresak nahieran aritu dira, eta etxegabetzeak eguneroko ogia izan dira", kontrajarri dute Kontseilu Sozialistek. "Gainera, ezkerreko alderdi guztiak mundu mailako tentsio militarraren areagotzean parte aktibo izan dira eta, gaur egun, arma nuklearren erabilerari dagokionez, Gerra Hotzetik egon den testuinguru globalik arriskutsuenean dago mundua. Hau al da faxismoari aurre egitea eta langileriarentzat gaitzetan gaitzik txikiena?", galdegin dute.

"Ezkerreko gobernuak hauspotutako desilusio, amorru eta despolitizazio hori ere, faxismoak lan egiteko eta hazteko baliatu du"

"Sanchezen gobernuak, foku mediatikoetatik harago eta erdi mailako klase aurrerakoienaren zati batean kenduta, desilusioa eta amorrua baino ez ditu sortu", jarraitu dute. "Abstentzio tasa etengabe ari da handitzen, oro har Mendebaldeko herrialdeetan: kasu askotan, langile auzoetan eta gazteen artean batez ere, hautu politiko nagusia da abstentzioarena", gaineratu dute Kontseilu Sozialistek. Abstentzio tasa altua "proletariotzaren alderdi independenterik ezarekin" lotu dute, eta salatu dute, Espainiako Estatuan, "faxismoak lan politikoa egiteko eta hazteko baliatu" duela "ezkerreko gobernuak hauspotutako desilusio, amorru eta despolitizazio hori".

Antolakuntza komunista, faxismoari aurre egiteko

"Faxismoaren aurkako antidotoa langileria batu eta politikoki aktibo bat soilik izan daiteke, diskriminazio-jarrera oro alde batera utzi eta mota guztietako zapalkuntzei aurre egiteko gai den langileria antolatua", aldarrikatu dute, funtsean, Kontseilu Sozialistek. Esan dute, beraz, faxismoaren eraginari "ideien arteko talkaren bidez, hari zuzenean aurre egitearen bidez eta klase independentziaz" egin behar zaiola aurre.

"Krisi kapitalista garaiotan hedatzen ari den mundu-ikuskera erreakzionario, klasista eta baztertzailearen aurrean berdintasunaren, elkartasunaren eta unibertsaltasunaren printzipioek bidea egin behar dute, are gehiago gazte belaunaldietan", ondorioztatu dute. Hala, dei egin dute "estatu kapitalistarekiko eta alderdi politikoekiko independentea den antolakuntza komunista indartzera", "proletalgoaren erreferente politiko baten eraikuntzaren eta Estatu Sozialistaren alde".

"Krisi kapitalista garaiotan hedatzen ari den mundu-ikuskera erreakzionario, klasista eta baztertzailearen aurrean berdintasunaren, elkartasunaren eta unibertsaltasunaren printzipioek bidea egin behar dute, are gehiago bazte belaunaldietan"


Hona hemen, auzi honi lotuta Gedar Telebistan argitaratutako Burdin Hesia saioa, Otsoa datorrelakoa:


Eta hona hemen Horitzó Socialistako kideen Prisma programan garari buruz egindako saioa:
NO HAY COMENTARIOS