ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: tele7.tv
2021/11/30 12:18

Legez kanpoko etxegabetze bat izan da Portugaleteko (Bizkaia) Repelega auzoan, eta gainera, bizilagunen iniziatibaz. Kale gorrian zegoen familia bat (emakume bat eta haren bi haurrak) Repelegako etxebizitza batera sartu zen azaroaren 17an; etxeak hamar urte zeramatzan hutsik eta erabat abandonatuta. Azaroaren 20an, baina, legez kanpo esku hartu zuten polizia-indarrek: inolako agindu judizialik gabe kanporatu zuten familia udaltzainek.

Handik gutxira, azaroaren 23an, berriz sartu ziren etxera emakumea eta bi haurrak. Emakumeak berak bizilagunei azaldu dienez, 400 euro baino ez ditu irabazten hilean, eta ez du alkiler bat ordaintzeko aukerarik.

Hurrengo egunean, azaroaren 24an, etxeko sarraila aldatu zuen etxearen ustezko legezko jabeak, inolako baimen judizialik gabe.

Azaroaren 25ean, Portugaleteko Udaltzaingoaren eta udaletxearen erregistroan idatzi bat aurkeztu zuen etxegabetutako familiaren abokatuak, kaleratze-prozesuan izan zen protokolo zalantzagarria seinalatuz. Esku-hartzearen oinarri juridikoa jarri zuen zalantzan, hain zuzen.

Portugaleteko Sastraka gaztetxeak zabaldutako mezu baten arabera, etxebizitzara itzuli ziren orduan familia eta abokatua, eta udaltzainekin hitz egin zuten. Dena den, kanpoaldean elkartu ziren Repelegako hainbat bizilagun, familiako kideak jazartzeko eta haiei errieta egiteko. Hala, azkenerako, udaltzainek eta ertzainek handik indarrez kanporatu zituzten berriz familia eta abokatua.

Udaltzainek hitza hartu dutenean, azaldu dute bizilagunek eskatuta bertaratu zirela etxebizitzara, hasiera-hasieratik. Antza, auzoan "okupazio saiakera" bat izan zela salatzeko hots egin zieten udaltzainei auzokideek. Familiak bizilagunen jazarpena, mehatxuak eta hertsapena jasan behar izan dituztela jakinarazi da sare sozialetan.

NO HAY COMENTARIOS