Familia bat etxegabetu dute gaurkoan Legution (Araba), bi haur txiki tartean. Okupatutako etxebizitza batean bizi izan dira 2021eko abuztutik, eta ezintasun ekonomikoak zirela-eta sartu behar izan zuten iaz hutsik zegoen eraikin horretara. Okupatu zutenean, ez zegoen inolako hornidura-baliabiderik etxean, eta ez zegoen egokituta; familiak egokitu du espazioa gerora, bizilagunen laguntzarekin. Lehen basozainen etxe modura erabiltzen zen tokia.
Arabako Foru Aldundia da eraikinaren legezko jabea. Miñoiek 2021eko irailean eman zieten autoritateei okupazioaren berri, eta espazioa husteko bide administratibo bati ekin zioten, 2021eko abendurako familia kaleratzeko asmoz. Dena den, helegite bat aurkeztu zuen familiako amak, bere zaurgarritasun egoera argudiatuta, eta bizitoki-alternatiba bat eskatu zuen. Zenbait gibelatzeren ostean, aurtengo apirilean heldu zen prozedura horren ebazpena: okupatutako etxebizitza uztera eta giltzak ematera derrigortu zuten familia.
Emakumearen kontrako beste prozedura judizial bat ere izan zen martxan, bide penaletik, usurpazio delitua leporatuta. Epaiketa hori, ordea, berak irabazi zuen, eta absolbitu egin zuten.
Alternatiba, sektore pribatuan
Zaurgarritasun-egoerari erreferentzia eginez beretzako eta bere haurrentzako bizitoki-alternatiba bat eskatzean, hainbat aukera zeuden mahai gainean. Hala ere, instituzio publikoetatik ez da babes publikoko alternatibarik ahalbidetu. Legution eraikitzear diren babes ofizialeko etxebizitzetara ez dauka sarbiderik emakumeak, ez dituelako exijitzen diren baldintza guztiak betetzen. Beraz, ez dauka eskatzaile modura aurkezteko aukerarik. Legutioko gizarte-zerbitzuek, bestalde, ez dute eskatu gizarte-larrialdietarako etxebizitza bat familia horri bideratzeko, eta, hortaz, baliabide hori ere ez dauka eskuragarri.
Emakumeari eskaini zaion alternatiba bakarra sektore pribatuan dago, instituzioek emandako laguntza batekin izan arren. Alokairu erregimenean sartu beharko du familiak, eta alokairu etxebizitza bat topatu du jada Legution. Oraingoz, eta epe motzean, Legutioko gizarte-zerbitzuek hartu dute euren gain familia etxe horretara sartzeko abala. Hortik harago eta epe ertainean, ordea, ez dago inolako bermerik.
Etxegabetzea, gaur
Legutioko gizarte-zerbitzuen nolabaiteko bitartekaritzarekin, Aldundiarekin adostu zen familiak gaur eman beharko zituela okupatutako etxeko giltzak. Berez, polizia-indarrik gabe egitekoa zen hori, baina Ertzaintzarekin eta sarrailagile batekin bertaratu dira etxera Aldundiko hiru ordezkari. Giltzak eman behar izan dizkie familiak, eta, ustez, aurki sartuko da alokairuko etxe batean.