Gaurkoan ere familia bat etxegabetu dute Hernanin (Gipuzkoa); tartean, adin txikiko lau pertsona. Hamabi urtez etxe batean bizitzen egon ostean, pisua uztera behartuta ikusi dute euren burua, eta gaur bota dituzte etxetik. Horretarako, sekulako dispositiboa prestatu du Ertzaintzak: herriko Alde Zaharra okupatu du goizean goizetik. "Parte zaharra hartu dute familia bat, euren lau umeekin, kalean uzteko", salatu du Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.
Bizitoki-alternatibarik izan gabe bidali dute kalera familia. Sindikatuko kideek jakinarazi dutenez, saiatu dira alokairuan bizitzeko pisu bat edo bestelako alternatibaren bat lortzen, baina ezinezkoa izan da. Hala ere, etxegabetu egin dituzte familiako sei kideak.
Alokairu-merkatutik ere kanporatuak
Sindikatuak jakinarazi du migratutako pertsonak direla kaleratutako familian, eta, sarri, are modu larriagoan jasaten dituztela etxebizitza bat izateko arazo sistematikoak. "Askotan, higiezinen agentzien eta etxejabeen filtro arrazistak pairatu behar dituzte, etxebizitza bat lortzeko aukerak oraindik eta zailago bilakatuz", dio.
Ohartarazi du proletalgoa "jabetzako etxebizitzetatik ez ezik, alokairu-merkatutik ere kanporatua" izaten ari dela. "Miseriazko etxebizitza-sistema batera kondenaturik dago: etengabeko etxebizitza-aldaketak, pilaketak, osasun- eta higiene-baldintzak betetzen ez dituzten bizitokiak, eta abar", gaineratu du.
"Etxe-kaleratzerik gabeko herria"
Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak berriz salatu du Hernanin ere badirela bizitoki-alternatibarik gabeko etxegabetzeak, hainbat erakundek eta alderdi parlamentariok kontrakoa sinetsarazi nahi duten arren: "Etxebizitzaren arazoa propaganda egiteko erabiltzen duten alderdi politikoen eta erakundeen erantzukizuna salatu nahiko genuke".
Hala, etxegabetze guztiak behin betirako eten ditzatela exijitu du berriz sindikatuak. "Funtsek, jabeek, banketxeek eta erakunde publikoek irabazien arabera kudeatzen duten etxebizitza-sistemaren" kontra, "langileria antolatuaren eskuetan modu unibertsalean, doan eta kalitatezko bermeekin" ziurtatuko litzatekeen etxebizitza-eredu bat aldarrikatu du, eta horren alde borroka egitera deitu du.