ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/26 11:25

Palestinarekin Elkartasuna plataformak beste mobilizazio deialdi bat egin du biharko, abenduaren 27rako. Elkarretaratzeak antolatu ditu Bilbon (Bizkaia) eta Iruñean (Nafarroa), euskal bankuak ere palestinarren kontrako sarraskiaren parte direla salatzeko. Euskal banketxeak genozidioaren konplize lelopean, 12:00etan izango da Iruñeko protesta, Merindadeen Plazan, eta 19:00etan hasiko da Bilboko kontzentrazioa, San Nikolasen.

Plataformak azaroan aurkeztu zuen kanpaina berri bat, Israel desegitera bidean, harreman oro eten aldarritzat hartuta. Kanpainaren helburua da, hain justu, "Euskal Herriko agintari, enpresari eta bestelako agenteek Israelekin dituzten harremanak agerian uztea eta horien aurkako borrokak abiatzea", erreferentzia eginez harreman militar, diplomatiko, komertzial eta abarrei.

Palestinarekin Elkartasunak seinalatu zuen asko direla "gure inguruan Israelekin salerosketan ibiltzen diren enpresak, genozidioari esker aberastu eta Israelen finantziazioa bermatzen dutenak; [..] bere industria militarra zuzenean edo zeharka hornitzen duten enpresak; bere irudia indartzen duten kirol- eta kultur-ekitaldiak; baita Israelgo Estatuarekin harreman komertzial eta diplomatikoak mantentzen dituzten gobernu, diputazio eta alderdiak ere".

Plataformaren kanpaina horren barruan, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izan ziren mobilizazioak azaroaren 29an, Euskal Herriko gobernu, enpresa eta bestelako agenteei exijitzeko Israelgo Estatuarekin dituzten harremanak bertan behera utz ditzatela. Bihar ere aldarri horren pean mobilizatuko dira, zehazki, bankuak eta haiek sionistekin dituzten loturak jopuntuan jarrita: Caja Rural, Laboral Kutxa, BBVA eta Kutxabank aipatu dituzte adibide modura.

NO HAY COMENTARIOS