ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/03 09:28

Udako etenaldiaren ostean, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak berriz ditu martxan harrera-baliabideak, etxebizitzarekin arazoak dituzten pertsonei babesa eta aholkularitza emateko. Orain dela hiru aste eskas ekin zien berriz harrera- eta aholkularitza-lan horiei, eta "balantzea izugarria da", sindikatuko kideen esanetan: hiru aste baino gutxiagoan, etxegabetzeei lotutako 36 kasuren berri izan dute Euskal Herrian.

"Etxegabetze horietako asko iristeke daude, eta beste batzuk geldiarazten saiatzen ari gara, hainbat lege-baliabideren eta presio sozialaren bidez. Hala ere, datuak argi eta garbi erakusten du gure lurraldean gora egin duela etxebizitzaren arazoak", ohartarazi du sindikatuak.

Etxe-kaleratze bat bihar, Iruñean

Iruñerriko (Nafarroa) Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez, Ibercaja banketxeak bihar etxegabetu nahi du lagun bat Artikaberri auzoan. Kaleratua izateko arriskuan dagoen pertsona 2005etik bizi da bertan, "zabor-hipoteka" deiturikoen goraldi betean hipoteka bat hartu eta etxe bat erosi ondoren. Orain, bertatik bota nahi du Ibercajak.

Etxe-kaleratzearen kontra mobilizatzera deitu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Bihar goizerako egin du deialdia: 08:30ean elkarretaratuko dira Maiatzeko Plazako Amak kaleko 3. zenbakian.

1.000 kasu baino gehiago

Euskal Herriko hainbat hiriburutan eta eskualdetan ari dira lanean Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Aurreko ikasturtean, 1.000 lagunek baino gehiagok jo zuten horiengana etxebizitzari lotutako arazoengatik, eta guztiei eman zieten nolabaiteko babes bat aipatutako sindikatuetako kideek: kontsultak, aholkularitza juridikoa, salaketa-kanpainak eta abar.

NO HAY COMENTARIOS