ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/04/02 09:54

Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuak kanpaina berria jarri du martxan salbuespen egoeraren harira. Izan ere, osasun-krisialdiak sortu duen agertokian, etxebizitza problematika "larriagotutako gaitz bat" dela azaldu dute: "Horrelako egoeretan, kapitalaren forma tiranikoena azaltzen zaigu eta proletalgoaren bizi baldintzak larriagotzen dira". "Asko dira diru iturriak murriztuta ikusi eta jadanik zaila egiten zitzaien ordainketa, orain jasanezina bilakatu zaien familiak", diote.

"Osasun krisiarekin batera, fronte guztietan antolatutako ofentsiba burgesa" datorrela salatu du sindikatuko kideek, beraz. Hala, etxebizitzaren alorrean, "doako etxebizitza unibertsal eta kalitatezkoa" aldarrikatu dute, eta Arabako hiriburutik, horren aldeko borroka kontrajarriko diote "burgesiaren ofentsibari.

URRATSAK

"Gaurko gordintasunean", etxebizitza problematikak "hainbat aurpegi" dituela azaldu du Etxebizitza Sindikatuak: "alokairua oraindu ezin dutenak, egoeraren 'berezitasuna' baliaturik kontratua eten nahi dietenak, etxean berrogeialdia pasatzeko ezintasuna dutenak, eta abar".

Argazki orokor eta konplexu horretan, baina, momentuz lan-ildo eta aldarrikapen zehatz batzuk jarriko dituzte martxan sindikatutik, "proletariotzarentzako hobekuntza taktikoak" erdiesteko bidean:

  • Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Gasteizko Udalaren jabetza diren alokairuak bertan behera uztea, Alokabidek eta Etxebidek kudeatutako alokairuez gain.
  • Oinarrizko horniduren ordainketa bertan behera uztea.
  • Bizi-kostuak murriztea: doako garraio publikoa, premia biziko ondasunen merkatzea eta haien kalitatea lortzea, eta abar.
  • Inolako baliabiderik ez duten pertsonentzako kalitatezko etxebizitza.
  • Alokairuaren prezioa erregulatzea, jabe txikiei eta erakundeei dagokienez.

PROLETALGOAREN AUTODEFENTSAREN ANTOLAKUNTZA

Jasaten ari garen askotariko krisialdiaren aurrean, beraz, haien "erantzuna betikoa" dela diote Etxebizitza Sindikatuko kideek: "antolakuntza, proletalgoaren autodefentsaren antolakuntza".

Bide horretan, e-mail helbide bat jarri du martxan sindikatuak, isolamendu egoerak iraun bitartean, etxebizitzari lotutako arazoak bizitzen ari direnen egoeraren berri izateko eta "aholkularitza eta sostengua bermatzeko", baita erantzun sistematikoak prestatzen hasi ahal izateko ere. Honakoa da erabilgarri dagoen helbide elektronikoa:
etxebizitzasindikatua@gmail.com.