ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Etxebizitza problematikari buruzko hitzaldi bat iaz, Hernanin.
2022/12/05 10:45

Gero eta gehiago dira lekuan lekuko Kontseilu Sozialistek sortutako Etxebizitza Sindikatuak. Buruntzaldeko eta Deba Bailarako Kontseilu Sozialistek berriki jakinarazi dute "etxebizitza kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izan dadin" borroka egiteko pauso hori eman dutela. Abenduaren 16an aurkeztuko dute Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatua Hernaniko (Gipuzkoa) Biteri Kultur Etxean, 18:30ean. Deba Bailarako Etxebizitza Sindikatuaren aurkezpen saioa, berriz, hilaren 21ean izango da, 18:30ean Arrasateko (Gipuzkoa) Kulturaten.

"Erosahalmenaren murrizketa nabarmena, inoiz heltzen ez diren dirulaguntzekiko menpekotasun itogarria zein oinarrizko zerbitzuen kalitate penagarria" Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak, edota "bizitzaren garestitze orokorra, soldaten izoztea eta zerbitzuen kalitatearen beherakada" Buruntzaldekoak; biek azpimarratu dituzte "aurrekaririk gabeko krisialdi" honetan "langile klaseak egunerokoan bizi behar dituen" arazoak. Egoera horretan, etxebizitzari lotutako arazoak ere "proletalgoaren egunerokoaren parte" direla gogorarazi dute, eta horren adibide direla "gazteen emantzipazio ezintasuna, alokairuen prezioen igoera arbitrarioak edota jabeen iruzur zein mehatxuak", nahiz "jabe txiki zein handien inpunitatea" eta "etxebizitzen kalitatearen jaitsiera".

Horren aurrean "estatu-egiturek edo karitate-instituzioek proposaturiko neurriek" ez daukate "arazoa errotik konpontzeko gaitasunik ezta asmorik ere", Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak seinalatu duenez: "Kontrara, egoera erreala estaltzen amaitzen dute". "Argi ikus daiteke instituzio publikoetatik soilik miseria kudeatzera muga daitezkeela", gaineratu dute Deba Bailarako Kontseilu Sozialistako kideek.

Hala, bi Kontseilu Sozialistek egin dituzte aurretik etxebizitza problematikari heltzeko urratsak. Aholkularitza juridikoa eskaini zuten iaz Buruntzaldean, eta Etxebizitza Asanblada bat jarri zuten martxan Deba Bailaran. Orain, aurrera egin dute berriz, bi tokietan Etxebizitza Sindikatuak martxan jarrita. "Langileria babesgabe aurkitzen den honetan, langile klasearen egoera hobetze aldera hainbat borroka fronte abian jartzeko sortu da Etxebizitza Sindikatua; etxejabeen inpunitateari aurre egiteko, etxegabetzeak gelditzeko eta abar", azaldu dute Buruntzaldeko kideek.

"Autodefentsa Sozialista antolatzea" ere helburuetako bat dela nabarmendu dute Deba Bailarakoek, "gure bizi-baldintzak hobetzeko borroka eginez, baita beti ere borroka horiek Estatu Sozialistaren eraikuntzaren aldeko bidean kokatuz": "Soilik orduan lortu ahalko dugu etxebizitza kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala".

NO HAY COMENTARIOS