Amerikako Estatu Batuetako gobernu federalak balizko itxiera partzial bati aurre egin beharko dio aste honetan, Senatuan, demokratek Segurtasun Nazionaleko Departamentuaren (DHS) finantzaketa berria blokeatu ostean, Minneapolisen immigrazioko agente federalek (ICE) bigarren pertsona bat erail izanaren ondorioz. Demokratek eskatu dute, irailaren 30era arte, DHS legea esleipen-paketetik bereiztea; defentsa, osasuna, garraioa, hezkuntza eta etxebizitza barne hartzen ditu sorta horrek.
ICEko agenteek Alex Pretti (37 urte) eta Renee Good (adin bera) erail izanak areagotu egin du konfrontazio politikoa. Senatari demokratek "erreformak" eta "ikerketa independente" bat eskatzen dituzten bitartean, Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak beste nonbaiten jarri du fokua: demokratei egotzi die egoeraren erantzukizuna, Donald Trumpek proposatutako deportazio masiboei "nahita aurre egin" izanagatik.
Tentsioa nabarmena da Minneapolisko kaleetan. Jacob Frey alkate demokratak iragarri zuen, asteartetik aurrera, agente federalek alde egingo dutela, bizilagunen kritikei eta ICEren operazioen gaineko presioari erantzunez. Trumpek Truth Social saretik esan zuen "truke eraikitzailea" izan zuela estatuko gobernadore Tim Walzekin. Bitartean, Tom Homan "mugen tsarra" bidali zuen "somaliar komunitatearen ustezko iruzurraren" operazioak ikuskatzera eta ikerketak koordinatzera.
Legegintza-eztabaidak arriskuan jartzen du funtsezko programa federalen finantzaketa. DHSko funtsen %80k baino gehiagok migrazioari lotu gabeko eremuak hartzen dituzte, hala nola hondamendiak, aireko segurtasuna, zibersegurtasuna eta kostazainentzako laguntza, Susan Collins senatari errepublikanoak azaldu duenez. Hala ere, demokratek ohartarazi dute ez dituztela funts gehiago babestuko, "etorkizuneko tiroketak saihesteko erreformak bermatu arte eta immigrazio-agentziek gainbegiratze eraginkorrarekin jarduten dutela ziurtatu arte".
Oraingoz, ez dago argi demokratek zenbateraino eutsiko dioten apustuari. Antzeko zerbait gertatu zen azkeneko aldian, 2025eko azaroan, akordioa lortu zuten azkenean, errepublikarrekin aurrekontuak adosteko. Dena den, momentuko egoerak beste gobernu-itxiera federal baten atarian mantentzen du herrialdea, azken garaiko itxierarik luzeena gertatu eta hilabete gutxira.