La Vanguardia egunkariak berriki aditzera eman duenez, Espainiako Estatuan ia 10 milioi lagun 400 eurotik beherako ondarearekin bizi dira hilero; biztanleriaren %20. Sostengu ekonomiko murritza, hileko batez besteko alokairua 650 eurotik gorakoa den estatu batean. Horren arabera, biztanleriaren zati handi bat alokairua ordaindu ezin izateko arriskuan dago, edozein ezbeharren aurrean.
73.000 euroko batez besteko ondare nominaletik urrun dauden zenbakiok indize horren hutsunea adierazten dute, izan ere, Espainiako Estatuko ondare osoa biztanle kopuruarekin banatuta kalkulatzen da. Hala ere, datua ez da guztiz hutsala, 73.000 eurotik beherako ondarea dutenak "gizartearen 1/2 pobreenaren barruan" kokatzen baititu. Kontrastea are altuagoa da biztanleriaren %1 aberatsenaren ondareari erreparatuz gero: 1,5 milioi eurotik gora dituzte batez beste, eta orotara, Espainiako Estatuko familia guztien aberastasunaren laurdena kontzentratzen dute.
Klase-arrakalaren zenbakiak
Gauzak horrela, 73.000 euro baino gehiago edukitzeak "gizartearen beste erdia baino aberatsagoa izatea" esan nahi du Espainiako Estatuan. Atalase horrek higiezinak zein aktibo finantzarioak kontuan hartzen ditu, zor potentzialak kenduta.
Ondarearen banaketa gutxi aldatu da krisiaren bigarren oldarraldiak 2014an langile familia ugari kolpatu zituenetik gaur arte. Gainera, adierazle hori familien diru-sarrerena baino askoz ere egonkorragoa da, diru-sarrera nominalak oso aldakorrak baitira atzeraldi edo oparoaldi ekonomikoen arabera.