Gaur ere, langileak greban dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetako jangeletan. Hiru greba-egunetara deitu dute CCOO, ELA, LAB eta UGT sindikatuek; atzorako, gaurko eta etzirako, hain zuzen ere. Lehenengo greba-eguna "masiboa" izan zela esan dute aipatutako sindikatuek, eta beharginek mobilizazioekin jarraituko dute gaur, sektoreko lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzearen alde.
Atzo Bilbon egin zuten manifestazio bat langileek, baina gaur EAEko hiru hiriburuetan mobilizatuko dira, euren aldarriak Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza-egoitzetara eramateko. Bihar, hirugarren greba-egunean, Bilbon elkarretaratuko dira berriz, eta mobilizaziora batzera deitu dute hezkuntza-komunitate osoa. Eusko Jaurlaritzak inposatutako gutxieneko zerbitzuak salatu dituzte sindikatuek, baita enpresek, "sektore bat desmobilizatzeko asmoz", langileei bidalitako mezuak eta egindako presioa ere.
Sindikatuek hiru eskaera nagusi egin dituzte greba-egunen bidez: lan-hitzarmena eta adostutako soldata-igoerak bete daitezela; lan-baldintzei buruzko "eduki zehatzak" mahaigaineratuko dituen negoziazio bat bermatzea, ratioak hobetu ahal izateko besteak beste; eta Hezkuntza Saileko arduradunak elkarrizketen parte izatea. Jantokietako beharginek jasaten duten prekaritatea salatu dute, "lanaldi partzialak, kontratu prekarioak eta beren hezkuntza-ereduen aitortza falta" tarteko.
Enpresak eta Hezkuntza Saila, erantzule
Sindikatuek gogorarazi dute blokeaturik dagoela sektoreko negoziaketa, hamabost bileraren ostean, eta enpresek uko egiten diotela jada hitzartuta dauden soldata-igoerak ezartzeari. Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak duen "borondate falta" ere seinalatu dute, ez baitute urratsik egiten "ratioak, funtzioak eta lanaldiak arautzen dituen eskola-jantokien gaur egungo araudia aldatzeko".
Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosa astelehenean bertan saiatu zen erantzukizuna gainetik kentzen, esanez berak gidatzen duen saila ez dela sektoreko "negoziaketa horretan sartzen" eta lekuan lekuko enpresena dela ardura. "Akordio batera" hel dadila eskatu zuen.