ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/01/29 12:12

Etxegabetze guztien aurkako jarrera hartzea, Escalerillaseko bizilagun guztientzako etxebizitza-aterabide bat babestea, Euskal Trenbide Sarearen proiektuaren aurka agertzea eta Escalerillaseko etxebizitzak udal-ordenantzaren barnean sartzea. Horiexek dira atzo, urtarrilaren 28an, Escalerillaseko bizilagunek eta Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Pasaian (Gipuzkoa) aurkeztutako mozioko lau eskaerak. Udalbatzarrak atzo arratsaldean izan zuen ohiko osoko bilkura, eta udaletxe kanpoaldean elkarretaratu ostean, barrura sartu ziren bizilagunak eta sindikatuko kideak, alderdi politikoei mozioa aurkezteko.

Modu horretan eskatu zieten Pasaiako Udala osatzen duten taldeei "egoeraren gaineko ardura hartzeko", baina beste aldera begiratzea erabaki zuten haiek: alderdi politiko guztiek eman zieten ezezkoa mozioari eta horrek jasotzen zituen eskaerei. Zehazki EH Bilduk, EAJk, PSE-EEk eta Podemos-Ahal Duguk bozkatu zuten ezetz, Escalerillaseko etxegabetze masiboari bide eginez.

Bizilagunek eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak nabarmendu dutenez, bozketak berriz erakutsi du "negozioa dagoela etxebizitza eskubidearen gainetik". Escalerillaseko etxeen eraisketa ekarriko duen proiektuaren "estrategikotasuna
goraipatuz, negozioa lehenesten dute, hamarkada luzez Pasaiako Portuarentzat lanean aritu diren hamabi langile-familien etxegabetzea asumituz". "Instituzio burgesen mugak" seinalatzeaz gain, antolatzeko beharra nabarmendu dute berriz: "Instituzioen fartsaren aurrean eta etxebizitza merkantzia gisa ulertzen duten enpresari eta politikarien aurrean, bizilagun guztientzat alternatiba baten alde borrokan jarraituko dugu".

Kaleratze arriskuan iaztik

Trintxerpeko Escalerillasen bizi diren pertsonak iaztik daude euren etxea galtzeko arriskuan, gogorarazi duten bezala, "Algeposa eta beste hainbat enpresaren mesederako trenbide berri bat bertatik pasarazi nahi dutelako". Trenbidea egiteko bota nahi dituzte bertako etxe guztiak, bizilagunei kalitatezko alternatibarik bermatu gabe. Babes handia jaso dute Escalerillasekoek, maiatzean Trintxerpen egindako mobilizazioak edo bildutako 2.000 sinadurek erakusten duten modura.

NO HAY COMENTARIOS